Urteko azkeneko Plenoan jakinarazi zuten Jesus Mari Santosek, Astigarragako alkateak, kargua utziko zuela. Azken hilabeteetan izandako osasun arazoak dira kargua uztearen arrazoia, eta atzo, formalki gauzatu zuen erabakia. Ez ohiko Plenoa deitu zuten, eta bertan, uko egin zion Jesus Mari Santosek alkate karguari eta zinegotzi izateari.
Despedidan, esker hitzak izan zituen Santosek: «eskerrak eman nahi dizkiet astigartar guztiei nigan eta nire taldearengan izandako konfiantzagatik. EAJ-PNVk 2015eko ekainaren 13an hartu zuen Udaleko ardura, eta kanpainan esan bezala, saiatu gara gure proiektuaren lan ildoak betetzen. Batzuk bukatzear daude, baina hasiera eman zaie dagoeneko. Nire taldeak gogor egingo du lana egitasmo guztiak legealdi honetan aurrera eramateko. Ohore eta ardurarekin hartu nuen kargua, eta gaur pena haundiarekin egin diot uko, osasun arazoak medio. Eskerrak eman nahi dizkiet baita ere udaletxeko langile guztiei, eta batez ere nire taldeari. Osasunak uzten badit, itzuliko naiz».
Andoni Gartziak, EH Bilduren izenean onena opa dio: «errekuperatzea opa dizugu, garrantzitsuena hori da. Orain arteko balorazioa eginda ordea, EH Bildu bezala ezin dugu esan Gobernu Talde gisa gauzak ondo egin dituzuenik».
Mikel Duranek, PSE-EEko ordezkariak ere hartu zuen hitza: «berehala osatzea desio dizut, eta eskerrak eman nahi dizkizut Alkate bezala egindako lanagatik».
Azkenik, Zorione Etxezarragak hitz egin zuen Gobernu Taldearen izenean: «eskerrik beroenak eman nahi dizkizugu. Herriari emandako hitza bete duzu, eta horri esker, sinestu egiten dute gugan. Herrigintza ez da soilik Alkate edo zinegotzi gisa egiten, eta ziur herritar bezala ere, asko emango diozula Astigarragari».
Kargua utzita, Zorione Etxezarragak, zerrendan bigarrenak hartuko du Alkate ardura datorren Plenoan; ziurrenik urtarrila bukaeran egingo da. Bertan izendatuko dute, baita ere, Urkiri Salaberria EAJ-PNVko zinegotzi.