«Momentu bereziak bizitu ditugu, oroitzapen zaharrak gogoratuz»

Kronika - Erredakzioa 2017ko urt. 21a, 01:00

Berezia izan zen, urtarrilaren 7an, Altsasun ospatu zen Na­fa­rroako III. Trikitixa Jaialdia. Eta inorentzat baina bereziagoa, akaso, Dani eta Ainara Narbarte anai-arreba goizuetarrentzat: aspaldiko partez igo ziren elkarrekin, panderoa eta trikitixa hartuta, taula gainera.

Nafarroako III. Trikitixa Jaial­dia aukeratu duzue oholtzara itzultzeko. Zergatik?
Bertako antolatzailea den Pa­txi Agirrek deitu zigun, aurtengo jaialdia senideen jaialdia izanen zela esanez, eta gutaz oroitu zirela. Izugarrizko poza eman zigun eta gustora eman genion baiezkoa.    

Urtarrilaren 7an izan zen jaialdia. Nola bizitu zenuten egun hura?
Ilusio haundiz eta nerbioekin, guk noiz jo behar dugu... Mo­mentu berezi horiek bizituz.

Aurretik ere elkarrekin arituak zarete, ezta?
Bai, beti ibili izan gara elkarrekin jotzen. Txikitatik hasi ginen bikote bezala, ondoren Xapó taldea ere elkarrekin sortu genuen. Baina baziren 10 urtetik gora, elkarrekin jo gabe.

Zer du berezia zuentzat, anai-arrebak izan eta elkarrekin jotzeak?
Batez ere lehen esandakoa, txikitatik elkarrekin aritu garela, bai haur kantu txapelketetan, bai trikitixa txapelketetan, mahai inguruan... Senide izateak, gehienetan elkarrekin topatzearen bentaja dauka.

«Beti ibili izan gara elkarrekin jotzen, txikitatik hasi ginen bikote bezala. Baina baziren 10 urtetik gora, elkarrekin jo gabe».

Lehendik ere elkarrekin arituak zarete. Bazenuten bueltatzeko gogoa?
Ilusio haundiz hartu dugu, eta oroitzapen zaharrak etorri zaizkigu burura.

Txikitatik datorkizue zaletasuna?
Etxean beti entzun dugu trikitixa, irratitik, aitaren kotxeko zintetatik... Aurrena Aina­ra hasi zen panderoa ikasten, eta ondoren ni trikitixarekin.

Dani, zuk sortutako hiru pieza jo zenituzten jaialdian. Okasiorako sortu zenituen edo aurretik?
Dani: Bai, okasiorako sortuak izan dira. Neretzat egun berexia izango zela banekien eta egun hura pentsatuz inspiratu nintzen abestiak sortzeko gara­ian. Trikitixa formatoan egindako Omen gara kalejira,  Bare aldia fandangoa eta Guda ga­raia arin arina izan ziren.

Beste jaialdiren batean parte hartzeko asmorik baduzue?
Oraingoz ez, momentu puntuala izan da eta ederki pasatu dugun arren ez dago bestetako asmorik.

Eta elkarrekin zerbait gehiago egiteko asmorik?
Ainara: Danik ez badit zerbait proposatzen... (barrez).

Jaialdian Nafarroako bikote bakarra zineten. Trikitixa eta panderoa ez al dira erakargarriak gaur egungo gazteentzat?
Dani: Nik uste baietz, baina beti ere bikote gutxiago dago Nafa­rroan, eta beste urteetarako ere gorde beharra dago ordezkariren bat...

Etorkizunean Laiotzekin ikusten jarraituko zaitugu, Dani? Eta zu, Ainara?
Dani: Bai, Laiotzen gustora nabil, eta orain beste proiektu batean ere bai, Joseba Tapia & Besamotzak taldean.
Ainara: Ni, berriz, panderetakin ikusten banauzue, Dani­ren inguruan ibiliko naiz, eta bestela gaztetxoak musikara bideratzeko ahaleginak egiten... momentu politak bizi­tu ditugu eta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!