Abenduan jarri zuen martxan Kutxa Ekoguneak, Euskararen Ginkana lehiaketa. Helburua da euskera sustatzea, kasu honetan, eremu informalarekin, jolasekin eta aisialdiarekin lotuta.
Bertan hartu du parte, goizuetarrek osatutako Xapo taldeak; eta nola, gainera! Finalean izanen dira gaur, beste hiru talderekin batera. Eguerdiko 12:00etan hasiko da, Kutxa Ekogunean (Hernaniko Galarretan), eta taldea animatzera gerturatu daiteke, nahi duen guztia.
Garazi Loiarte, Ainhoa Zabaleta, Ainara Salaberria, Lucia Etxeberria eta Mayi Zelarain elkartu zarete taldea osatzeko. Nolatan?
Garazik behin irakurri zuen lehiaketaren berri, baina ez zuen pentsatu inor animatuko zenik. Mayik, ordea, Ainhoari esan zion parte hartuko lukeela, eta horrela, batak bestearekin hitz egin, eta izena emateko epea bukatu baino egun bat lehenago animatu ginen, korrika eta presaka! Koadrilakoak, Goizuetakoak gara, eta Mayi, azpeitiarra bera, Ainhoaren klasekoa da.
Nolako probak egin behar izan dituzue?
Aurrenekoa galdera sorta bat zen, euskera eta munduko hizkuntza gutxituen egoerari buruzkoa. Bigarrenean, kanpotik Euskal Herrira bizitzera etorri eta euskeraz ikasi duen norbait elkarrizketatu behar genuen. Guk Rami elkarrizketatu dugu, eta youtuben ikusi daiteke. Hirugarren proba, beste galdera sorta bat izan zen. Laugarrena, aktibismoaren inguruko bideoak bilatzea. Bosgarrena, hizkuntza praktika ekologikoa isladatzen duen bideoa grabatzea. Eta seigarrena, beste talderen bati hiru puntu ematea, gehien gustatzen zaigun proiektua bultzatzeko.
«Guk irabazten badugu, AEKri eta Seaskari lagunduko diegu»
Zuek ere badaukazue, orduan, zuen proiektua?
Saria 3.000 eurokoa da, euskera sustatzen duen proiekturen bat laguntzeko. Zurea izan daiteke, edo dagoeneko sortuta dagoen bat. Guk erabaki genuen Seaskari eta AEKri laguntzea. Azken batean, iruditzen zaigu Iparraldearekin urtean behin oroitzen garela, eta beharra daukatela. Bestalde, hemen inguruan Arantzako barnetegiak euskerari aportazio haundia egiten dio, eta aurten, gainera, Korrika izanen da!
Zailak izan al dira probak?
Hasieran, adibidez, galdera sorta zuzenean webgunean bertan erantzun beharko zela pentsatu genuen, eta behin sartuz gero, agian denbora bat egonen zela erantzuteko. Horregatik, uste genuen denak elkartu arte ezin genuela egin. Batzuetan izan ditugu buruhausteak, bai!
Ikasteko ere balio izan al dizue?
Asko ikasi dugu, bai! Adibidez, batzuetan datu konkretu batzuei buruz galdetzen ziguten; ea interneten euskeraren erabilera zenbatekoa den ehunekotan. Kontzeptu asko ezagutu ditugu, lehen ezagutzen ez genituenak, eta oso esperientzia polita eta aberasgarria izan da. Jendea animatu nahi dugu hurrengo urteko edizioetan parte hartzera. Talde bezala ere asko ikasi dugu elkarrengandik. Eta eskerrak eman nahi genizkieke, batetik, Ramiri, proba bat aurrera ateratzen lagundu digulako; eta bestetik, Klaudion Itxeko (Ansa Supermerkatua) Maria Jesusi, bertan grabatzen utzi zigulako. Eta ahaztu gabe! ETB1eko Txoriene saiora joateko gonbita luzatu digute!
Ederki moldatzen zarete! Espero zenuten finalera iristea?
Espero ez, baina probak ongi egin izanen ditugu, bai, finalean gara eta! Azken probaren aurretik talde askok puntu tarte haundia ateratzen ziguten, baina batak besteari puntuak eman behar genizkion, babestu nahi genuen proiektuaren arabera, eta horregatik pasa gara finalera. Twitterreko jarraitzaile kopuruaren arabera ere puntu gehiago badira.
Gaurko finalean zer egin beharko duzuen badakizue?
Esan digute lau proba izanen direla, eta kirol pixka bat ere egin beharko omen dugu... Ongi moldatuko al gara! Gero luntxa ere izanen da, eta ea azaltzen zareten, animatzera!