2013an egin zuen bat Astigarragako Udalak, Tokiko Agenda 21 egitasmoarekin. Eta aste honetan, astelehenean, aurkeztu dituzte udaletxean, 2015 urteko emaitzak, eta 2017ra begirako lan ildoak.
Bizitza kalitatea hobetzeko neurriak eta proiektuak proposatzen ditu Tokiko Agenda 21 ekintza planak, eta Astigarragan, aurreneko bi urteetan, 2013an eta 2014an, planaren %23a gauzatu zen.
Planaren %9 gehiago gauzatuta, 2015ean
2015eko emaitzak, astelehenean aurkeztu zituzten, eta jakinarazi zuten, planaren %9a egin zela urte horretan zehar; alegia, %32a gauzatu da hiru urtetan. «Beraz, bide onetik doa», azaldu dute Udaletik.
Eta aurkeztu zituzten, baita ere, 2017 urtera begirako lan ildoak. Hainbat arlotan eragin nahi du ekintza planak, 2017 urtean ere; besteak beste, hizkuntza politikan, enpleguan edota kontsumoetan.
Ekintza planaren %9a gauzatu zen 2015ean; aurten, besteak beste, hondakin gutxiago sortzea landu nahi dute planean.
Hondakinen sorreraren prebentzioa lantzea, helburuetako bat
2017an landu beharreko helburu estrategikoen artean dago, batetik, hizkuntza politika integrala sustatzea. Bestalde, enpleguari dagokionez, bultzatu nahi dute udalerriko garapen ekonomikoa.
Eta aditzera eman duten hirugarren helburu multzo bat, kontsumoari dagokio. Zentzuzko kontsumoa da sustatu nahi dutena, eta horretarako, uraren eta argiteriaren kontsumoa gutxitzea dute helburu, alde batetik. Baina beste gai bati ere helduko diote: hondakinei. Landuko dute, hondakinen sorreraren prebentzioa; alegia, ahal den eta hondakin gutxien sortzea.
Triptikoak buzoneatuko ditu Udalak, Tokiko Agenda 21en informazioarekin
Orain, herriko etxe guztietan banatuko ditu triptikoak Udalak, Tokiko Agenda 21 ekintza plana eta diagnostikoa zabaltzeko: «garapen iraunkorraren alde lan egitea guztion esku dago, eta horixe da, batik bat, bultzatu nahi duguna», azaldu du Udalak.