Agustin Iturriaga institutuan, Hernanin, ari dira ikasten batxilergoa, Amaia Altuna eta Mikel Aingeru Fernandez hernaniarrak, Lierni Eskudero eta Saioa Urbistondo urnietarrak eta Garoa Mungia astigartarra.
Herrian bertan ikasten jarraitu nahi zuela argi zeukan Altunak, eta baita Fernandezek ere, orain zalantzaren bat sortu bazaio ere. Mungiak ere argi zeukan nahiago zuela Astigarragatik Hernanira joan, Donostiara baino. Urnietarrek, berriz, Hernanin aurkitu dute aukera, nahi zuten motako batxilergoa ikasteko.
Herriaren eta inguruko lagunen gertutasuna
Hernanin ikasten jarraitzea aukeratzeko arrazoi bat baino gehiago izan zituzten bost gazteek; horietako bat, gertutasuna.
«Anai-arrebek hemen ikasi dute. Hemen dauzkat koadrila, lagunak... Nik argi neukan hemen ikasi nahi nuela», dio Altunak. Fernandezek ere, berdin: «nik ere argi neukan, baina orain, batzuetan pentsatzen dut hobe nuela kanpoan ikasi, jende gehiago ezagutuko nuela horrela...». Baina Mungiak uste du nahikoa jende ezagutzeko aukera ere badagoela, Hernanin bertan: «Astigarragan ez daukagu batxilergoa ikasteko aukerarik, eta nik garbi neukan nahiago nuela Hernanira etorri, Donostiara joan baino. Jende gutxiago ezagutuko duzu, baina erlazio estuagoak lortzen dira. Gainera, Astigarragakoa izanda, jende asko daukat inguruan lehenago bertan ikasi duena, irakasleak ere ezagutzen dituena... Horrek lagundu egiten du».
«Arte eta musika batxilergoak falta dira, baina, gainontzean, denetik daukagu»
Urnietarrak ere, ados daude. «Hemen ere jende asko dago. Tarteka beti ikusten dugu baten bat, ezaguna egiten ez zaiguna!», diote Eskuderok eta Urbistondok. «Baina ingurukoak izanda, denok ezagutzen dugu elkar, eta giro ona dago», Mungiaren ustez. «Horrek segurtasuna ematen du, eta hurbilagoko erlazioak sortzen dira. Gure herrian gaude, herriko giroa dago, ikastolari jarraipena ematen zaio...», dio Altunak ere.
Aukera, gertutasunari lotuta
Urbistondo eta Elustondoren kasuan, izan zen beste arrazoi bat ere, gertuko institutu batera joateko: aukerak. «Guk letrak ikasi nahi genituen, eta hau genuen gertuko aukera. Urnietan ez daukagu», diote.
Orokorrean, aukera faltarik ez dutela nabarmentzen dute gazteek: «arte edo musika batxilergoak falta dira. Badago jendea, Donostiara edo beste norabait joan dena, horiek ikasi nahi zituelako. Baina, gainontzean, denetik daukagu».
Oinez edo autobusez; eta batzuetan kotxez!
Gertutasuna aipatzean, ez dira giroaz bakarrik ari. Etxetik klasera egunero egin behar duten distantzia ere garrantzitsua da gazteentzat.
«Hernaniko beste puntan bizi naiz ni! Denbora asko galtzen dut joan-etorrian!», dio Fernandezek. «Bai ahozabala!», Mungiak erantzun: «ni kotxean etortzen naiz Astigarragatik... Baina eskertzen da gertu egotea. Denok egiten ditugu bestelako gauzak klasetik kanpo, eta denbora ematen digu».
Altunak ere halaxe uste du: «ni lasai-lasai ibiltzen naiz!».
Eta urnietarrek kexa bakarra daukate: «entzun dugu lehengo urtean uzten zietela klasetik lehenxeago ateratzen, autobusa hartzeko... Hirurak eta laurdenetakoa galduz gero, lauretan bazkaldu behar izaten dugu!».
Lana, toki guztietan berdin!
Benetako kexa, «presioa» da, ordea. Ikasle guztien tenorea. «Aurreneko klasean 10 bat aldiz entzun genuen ‘selektibitatea’ hitza! Urduritu egiten nau!», dio Mungiak. Urbistondo, Eskudero eta Altuna, berriz, aurreneko mailan daude: «aurrena hau pasa, eta gero, gerokoak!». Beste kezka bat du, Altunak: «espero dut LOMCEk ez aurrera egitea, errebalidarik ez egotea!».