Javier Urriza izan zen protagonista nagusia laugarren urtez Urrezko Erremonte Galan. Iruñako erremontistak beste behin eraman zuen Urrezko Erremontearen Saria, eta jada lau ditu etxean. 2013, 2014, 2016 eta 2017an erremontista onena izendatu du Oriamendi2010 enpresak. Kontutan hartzen badugu 2015ean pelotarien koadro osoari eman zitzaiola saria, esan daiteke bost aldiz ere lortu duela Urrezko Erremontea.
2016. urtean, Urrizak Banakako Kutxabank 2016 Txapelketa Nagusia irabazi zuen irailean; Masterseko txapeldun ere izan da; Binakako Orona Txapelketa Nagusian finalerdiaetara iritsi zen, Zubiri goizuetarrarekin batera; eta gainera, San Fermin Torneoa, San Isidro Torneoa eta Frontoi Motzeko Txapelketak ere irabazi ditu. Urte oparoa izan da beretzat.
Uterga eta Azpiroz ere, saridun
Urriza ez zen protagonista bakarra izan 2017ko Urrezko Erremonte Galan. Beste bi nafarrek ere beraien sariak jaso zituzten. Alde batetik Xanti Uterga doneztebearrak A taldeko rankingeko erremontista erregularrenaren garaikurra irabazi zuen
Utergak 2016an, 65 partidu jokatu ditu eta 33,86 puntuko media lortu du. Gutxienez, zazpi hilabetetan puntuatu behar da saria irabazi ahal izateko.
Pelotari nafarrek sari guztiak eraman zituzten Urrezko Erremonte Galan. B taldeko rankinga ere Huitziko atzelari nafarrra den Xabier Azpirozek eskuratu zuen. 47 partidu jokatu zituen 2016. urtean eta 35,72ko puntuaketarekin, erremontistarik erregularrena izendatu zuten bere taldean.
Ezkurra II-Ion, garaile
Sari banaketa baino lehen Urrezko Erremonte Galako Torneo Azkarra jokatu zen. 25 tantura jokatu ziren bi finalerdiak eta finala. Ezkurra II eta Ionek lortu zuten torneoko garaipena, finalean Urriza-Azpiroz bikotea 25-23 garaitu eta gero.
Gainera, ezustekoz betetako txapelketa izan zen, izan ere, Ezkurra II eta Ion kaleratuak izan ziren bigarren finalerdia galdu ostean. Zeberio II eta Endikak jokatu behar zuten finala, baina Zeberio IIaren azken momentuko lesioak, Ezkurra II eta Ion eraman zituen finalera.
Urrezko Erremonte Gala hirugarren denbora batekin amaitu zen. Bertaratutakoek argazkiak ateratzeko aukera izan zuten saritutako pelotariekin eta luntx bat ere dastatu zuten.
SARITUAK
- Urrezko Erremontea 2017: Javier Urriza (2013, 2014, 2016 eta 2017)
- Erregulartasun Saria A taldea: Xanti Uterga 33,86 punturekin.
- Erregulartasun Saria B taldea: Xabier Azpiroz 35,72 punturekin.
- Erremonte Gala Torneo Azkarra: Ezkurra II-Ion.