Bagagiltza herri plataformak batzar berezia egingo du larunbatean, goizeko 10:00etan hasita, Biteri Kultur Etxean. Bi gai landuko dituzte: galdeketaren antolaketarena, eta galderaren onarpena. Bukatzeko, argazki erraldoia aterako dute, 13:15etan.
Herri plataformatik, Hernaniko eragile sozial guztiak gonbidatu nahi dituzte larunbateko ekitaldian parte hartu dezaten eta ahalik eta babes haundiena eduki dezan galdeketak.
Martxoaren 19an ospatuko du BagaGiltza herri plataformak «demokraziaren festa», herri galdeketa, alegia. Eta horretarako, sinadura-bilketa antolatu zuen azaroaren 12an hasi, eta urtarrilaren 12ra arte.
Bi hilabetetan 3.613 sinadura bildu dira guztira, eta orain kontsulta eguneko galdera onartuko da.
Guztira 3.613 sinadura bildu dira. Behin sinadurak bilduta, Notarioaren esku utzi dituztela iragarri zuten: «beren zuzentasuna egiaztatu dezan eta prozesuari dagokion legezkotasuna emateko akta jaso dezan». Ondoren, enpresa batek egingo du suntsiketa konfidentziala
Antolatzaileek, pasa den larunbatean balorazio positiboa egin zuten, orain arte eginiko bidearekin «oinarri sendoa ematen diolako». Beste hiru arrazoi ere eman zituzten: «beharrezkoa zen gutxieneko sinadura kopurua erraz gainditu da; herri galdeketaren aldeko mezuari hedapen garrantzitsua eman zaio; eta mahaien ingurura hurbildu diren pertsona guztien aldetik, izan sinatzearen aldeko ala ez, begirunea eta heldutasun demokratiko haundia sumatu da».