Sasoiko dago Mundarro, Gipuzkoako Lehenengo Mailan, emakumezkoetan. Eta horixe erakutsi zuen joan den igandean, kontrario zuzen bati irabazita; Arri BKLri. Launa garaipenekin zeuden, eta aurrea hartu diete astigartarrek, 60-45 nagusituta, La Sallen.
Garaipen horrekin, sailkapeneko postu ederrenetan sartu da Mundarro: hirugarren dago. Eta postu horrek, aukera ematen du txapeldun izateko azken fasea jokatzeko, Final Foura. Bertan arituko dira, A-1 multzo honetako aurreneko hirurak, eta A-2 multzoko irabazlea (bigarren maila moduko bat, aurreko faseko azkeneko 9 taldeekin).
Oraindik asko falta da horretarako, noski: 18 partidutik 7 besterik ez dituzte jokatu. Baina amesteko motiborik ere badaukate astigartarrek. Izan ere, aurreneko bi partiduak galdu zituzten, eta azkeneko bostak irabazi.
Mutilek ere, irabazi
Garaipen garrantzitsua lortu zuten mutilek ere, Gipuzkoako Lehenengo Mailan. Alde Zaharrari irabazi zioten bere kantxan (55-70), eta azkeneko bi postuak atzerago utzi dituzte. Orain, jaitsierako azken fasea jokatzea saihesteko borrokatu beharko dute (9garren postutik 12garrenera). 11garren daude astigartarrak, 5 garaipenekin. Baina 6 garaipen dauzka, 6garren sailkatuak ere.