Ia bukatuta dago, kiroldegia birmoldatzeko lanen bigarren fasea: gimnasioa lekuz aldatzea. Eta obren emaitzarekin, pozik azaldu da EH Bildu: «nahiz eta lan batzuk egitear egon, emaitzarekin pozik gaude, eta erabiltzaileak ere hala daudela dirudi».
Eta gogora ekarri du: «aurreko legealdian, EH Bilduk 300.000 euroko dirulaguntza lortu zuen Gipuzkoako Foru Aldunditik, 2016an jasoko zena; eta dirulaguntza potolo horri esker, burutu ahal izan da lekualdaketa; hau da, gimnasioa sototik atera, eta argiztapen naturala eta espazio haundiagoa lortzeko, terrazara mugitu».
Eta aurreratu du, orain erabaki beharko dela, «zer eta nola jarri» libre geratu den espazioan: «badirudi, judorako gunea izan daitekeela aukeretako bat. Hala ere, kontuan izan beharko da, sotoan egonda eta dituen larrialdi-irteera aukera exkaxekin, hausnarketa sakona egin beharko dela eremu horren erabileraren inguruan», azaldu du.
«2017ko aurrekontuen arabera, ez dira martxan jarriko bulegoak berrantolatzeko lanak»
EH Bilduk adierazi du, modu berean, behin gimnasioa lekuz aldatuta, hirugarren faseari heldu beharko litzaiokela: gaur egun modu probisionalean dauden bulegoak berrantolatzeko lanak. «Proiektua idatzita dago», azaldu du, «baina EAJk eta PSE-EEk onartu dituzten 2017ko aurrekontuen arabera, ez da horrelakorik egingo. EH Bilduk, ordea, uste du administrazioko langileek bulego probisionalak uzteko, euren behin betiko bulegoak egitea beharrezko lana dela».
Eta gaineratu du, horregatik egin zuela proposamen bat aurrekontuetarako, kiroldegian bulegoei eta aireztatze sistemari behin betiko soluzioa emateko, 145.000 euro jarrita: «EAJren aurreneko zirriborroan bazeuden 100.000 euro kiroldegirako, eta 45.000 euro haunditzea eskatu genuen. Baina azkenean, PSE-EEren emendakina onartu zuen, eta kiroldegirako kopurua 70.000 eurora murriztu da».
Horregatik, EH Bilduk dio: «Gobernu Taldeak dio proiektu honetan interesa duela, baina beranduago egitea proposatzen du. Hala ere, kopurua murriztea onartu duela ikusita, EH Bilduk zalantzak ditu, gauzatuko den edo ez. Epe motzean ekimen bat aurkeztuko dugu, obrak gauzatuko direla ziurtatzeko. Gainera, kontuan izan behar da, lan horiez gain, oraindik badagoela zer egin kiroldegian: sarrerako itoginekin bukatu, pista leundu eta pintatu...», gogoratu du.