Aurrerapauso haundia eman zuen Mundarrok, larunbatean, mailari eusteko borrokan. Ligako laugarren sailkatuari irabazi zioten Zarkumendegin, Euskaldunari (2-0), eta aldea haunditu dute, jaitsierako postuekin: sei puntura daukate Roteta orain, 15garrena.
Emaitza bezala, haundia izan zen, astigartarrek egin zuten partidua ere. Lehen zatian kanpokoak izan ziren nagusi, aukera haundirik gabe ordea; eta garbiena, Urko atezainak gelditu zuen bikain.
Bigarren zatia, ikaragarria
Baina bigarrenean, garaipenaren bila atera ziren etxekoak, eta ikaragarri jokatu zuten 45 minutu horietan, presio haundia eginez eta kontrarioa bere arean sartuz. Ez zen nolanahikoa izan, egin zuten esfortzua, baina saria ere izan zuten; merezi baino beranduago, hori bai: 80garren minutuan lortu zuen aurreneko gola Ander Mendiburuk, faltaz. Eta hortik gutxira, bigarrena ere lortu zuen haren lehengusu zaharrenak, txilenaz, garaipena ziurtatzeko.