Herenegun hasi eta etzi bukatu, aste bateko kanpaina jarri dute martxan Astigarragako Herri Eskolan, astelehenetik ostiralera, sahararrentzako janaria biltzeko.
Ikastolan bertan jasoko dituzte jakiak; besteak beste, kontserba latak edo egoera onean erraz eta luze irauten duten jakiak. Eta bildutako guztia, Tindufeko errefuxiatu kanpamenduetara bidaliko dute, bertan dauden sahararrei laguntzeko.
Herritar guztiei irekia
Aurreko urteetan, herriko komertzioetan edota kultur etxean egin izan dute bilketa, eta oraingoan, Herri Eskolan izango da. Hala ere, azpimarratu nahi izan dute, herritar guztiei irekia dela bilketa, eta denak animatu dituzte, parte hartu eta ikastolara hurbiltzera, janaria ematera.
Dagoeneko, kaxa bat beteta
Bilketarako kaxak, idazkaritza baino aurreraxeago jarri dituzte, eskaileren ondoan, eta gaika daude banatuta: hegaluzea eta sardinak, lekaleak, pasta, arroza, azukrea eta konpresak. Eta dagoeneko, bete dute kaxa haundi bat, mota guztietako jakiekin.