Hernaniko Kaleratzeak Stop taldeak antolatuta, zoru klausulen inguruko hitzaldian hartu zenuen parte asteazkenean. Zein puntutan dago momentu honetan zoru klausulen inguruko gaia?
Printzipioz, zoru klausula baliagarria da betiere Auzitegi Gorenaren 2013ko maiatzaren 9ko sententziak ezartzen duen transparentzia kontrola betetzen badu. Dena den, kontrol hori betetzen ez den kasuetan, zoru klausula gehiegikeria da, eta beraz, zuzenbide osoz baliogabea.
Gaur egun irizpide zabaldua da transparentzia-kontrolera doitzen ez diren zoru klausulak gehiegizkoak direla, erakunde finantzieroentzat izan ezik, ez onartzeari eusten baitiote.
Auzitegietara joaten garenean ikusten dugu epaieek kontsumitzailearen alde erabakitzen dutela, eta ia erreklamazio guztietan, zoru klausularen gehiegikeria aitortzen dutela. Era berean, Bankua zigortzen dute modu okerrean jasotako dirua bueltatzearekin, printzipioz 2013ko maiatzaren 9tik aurrera jasotakoa bueltatu behar dute, eta 2016ko abenduaren 21eko Europar Auzitegiak emandako sententziaren ondoren, kontratuaren hasieratik jasotakoa.
Nola jakin daiteke gure kontratuan zoru klausula ezarri den?
Gure mailegu hipotekarioaren kontratatuak zoru klausula duen ala ez jakiteko, interes-tasei dagokien klausulak aztertu behar ditugu.
Kasu batzuetan, zoru klausula horrela erredaktatzen dute: «interes arrunten sortzapenari ezarritako urteko tasa nominala inongo kasutan ezingo da izan ehuneko hamabost baino haundiagoa, ezta ehuneko bi koma hirurogehita hamabost txikiagoa». Beste erakunde finantziero batzuek, gutxiengo interes-tasa arrunta deitzen diote, eta horrela erredaktatzen dute: «aldeek espresuki adosten dute aurretik adostutakoaren emaitza den interes-tasa arrunta inongo kasutan ez dela urtean ehuneko 2,00 baino gutxiagokoa izango».
«Erakunde finantzieroek eskainitako adostasun proposamenak ere, gehiegizkoak dira»
Zein kasutan erreklamatu daiteke? Kasu batzuetan bankuak saiatu dira bezeroekin akordioak egiten erreklamaziorik jarri ez dezaten, hauek zer edo zer egin dezakete?
Hasteko, kasu bakoitza aztertu behar da. Orokorrean, esan dezakegu zoru klausula duen mailegu hipotekario bat egin duen kontsumitzaileak erreklamazioa jarri dezakeela eta aukera haundia izango duela bere eskaera aurrera eramateko.
Hasiera batean Bankuek ez zuten gaia aztertu nahi izan, momenturo transparentzia osoarekin jokatu zutela zioten. Egoera aldatzen hasi zen Auzitegiak banku eta kutxak zigortzen hasi zirenean. Orduan, horietako batzuk adostasun proposamenak eskaintzen hasi ziren, askok sinatu zituztenak. Dena den, adierazi nahi dut erakunde finantzieroekin adostasuna sinatu izan arren, proposamen horiek ere gehiegizkoak direla, eta hortaz, baliogabeak; horregatik, erreklamatzeko aukera irekita egongo litzateke.
Erreklamatu nahi duenak, zein prozesu jarraitu beharko du?
Hasiera batean gomendatzen duguna da idatzi bat aurkeztea erakunde finantzieroaren Bezeroen Arreta Zerbitzuari zuzendutakoa, eskatuz zoru klausula bertan behera uzteko, modu okerrean jasotako dirua bueltatzeko, eta mailegu hipotekarioaren kalkulu berria egiteko.
Zentzuzko denbora-tartea pasata, erakunde finantzieroak erantzuten ez badu, edo erantzuna ez bada espero zena, gaia profesional (abokatu) baten eskuetan uztea komeni da, eta berak jarriko du dagokion demanda.
Zer-nolako eragina izan du gaiak Hernanin? Kasu asko daude?
Hernani kaltetua izan da Gipuzkoako beste herriak bezalaxe. Izan ere, kontuan izan behar da zoru klausula erakunde finantziarioek aurretik idatzita duten klausula dela, eta mailegu hipotekarioen kontratuetan txertatua izan dela modu orokor batean, kontsumitzaileei horren gainean negoziatzeko aukera-rik utzi gabe.
Ezin dugu jakin zenbat kasu dauden Hernanin, baina imajinatu daiteke asko daudela, herritarrek erakutsitako interesari erreparatzen badiogu.
Gaur egun herritarrek maileguak sinatzen jarraitzen dute beren etxebizitzak erosi ahal izateko. Zein gomendio emango zenizkie kontratu bat sinatu aurretik?
Hasteko gomendatzen duguna da mailegu hipotekarioa kontratatuko duten pertsonek erakunde finantziero desberdinetan proposamen desberdinak eskatzeko; ondoren horiek konparatu, aztertu eta baloratzeko.
Zalantzarik izanez gero, komeni da profesional bati edo konfiantzazko finantza-aholkulari bati kontsulta egitea, gehiegizko klausulak dauzkatenak alde batera utzi, eta azkenik, egokiena aukeratzeko, bakoitzaren interesekin bat datorrena.
Ez da beldurrik izan behar, baina zuhurra izan behar da.