Iturmendi eta Buxkando baserrien artean bada leize-zulo bat, Iturmendiko jentilkoba esaten zaiona, eta oraintxe txukundu eta jendeari erakusteko moduan jarri dute. Udalak lagunduta, Felix Ugarte elkarteak egin du lan hori, lurrazpiko ikerketa eta zaintzarako elkarteak, interes haundiko leizea delako, eta erabat utzia zegoelako.
Iturmendiko jentilkobak sarrera nagusi bat du eta beste bi txikiago. Haundia da, eta konektatuta dago inguruko hainbat zulorekin.
Datorren larunbatean erakutsiko diote jendeari, 11:00etatik aurrera, inagurazio moduan. Ondoren, koba itxi egingo dute, hobeto kontu egiteagatik. Hala ere, herritarrek ikusi ahal izango dute, hartarako baimena eskatuta.
‘Txanpinoiaren kobazuloa’
Antziolako eta inguruetako bizilagunek Txanpinoiaren kobazuloa ere deitzen zioten. Izan ere, bertan txanpinoiak hazten zituzten. Barrutik 30 tonelada zabor atera dituzte Felix Ugarteko kideek.