Udalak 60.000 euro destinatuko ditu aurten irisgarritasunarentzat, eta Koxka elkarteak erabakiko du ze obra egin

Kronika - Erredakzioa 2013ko mar. 10a, 01:00

Asmoa da urtero Udalaren aurrekontuetan diru kopuru bat gordetzea irisgarritasunarentzat: espaloi ixkinak konpondu, barandillak jarri, zebra-bideak leundu..., eta Koxkak erabakiko du ze obrek duten lehentasuna. Protokolo bat ere lan­tzen ari dira Udalarekin, herrian egingo diren proiektuetan parte hartu ahal izateko. Horren guztiaren berri martxoaren 18an emango dute, Urteko Asanbladan.

Aurten irisgarritasunarentzat Udalak destinatu duen diru kopurua da, 60.000 euro. Koxka elkarteak erabakiko du ze obrek duten lehentasuna diru hori gasta­tzeko ga­raian. Puntu hori, eta beste hainbat, hitz egingo dituzte Asan­bladan. Koxka desgaitasuna duten pertsonen elkarteak bertara gonbidatu ditu interesa izan dezaketen guztiak. Urteko Asanblada, mar­txoa­­ren 18an, 17:00etan, Bite­ri kultur etxean.


Lehendabiziko aldiz, diru kopuru bat obrak egiteko
Aurten 60.000 euro; eta asmoa da, hurrengo urteetan ere diru kopuru bat gordetzea aurrekontuetan, obrak egiteko. Koxka elkartearen iritziz, hori aurrerapauso bat da. «Guk eskatu ge­nuen diru kopuru bat gordetzea, eta hainbat saioren ondoren, Udalak baiezkoa egin du». Konpontzeko «gauza asko» daudela dio Koxka elkarteak, eta aurtengo 60.000 eurorekin ez da modurik izango dena konpontzeko. «Urte askotako defizita dau­ka herri honek, eta gauza as­ko dago egiteko. Pixkanaka hasiko gara, behar haundiena duten obrak konpontzen». Asanbladak erabakiko du ze obra egin aurten Martxoaren 18an bilduko da Asanblada, eta bertan erabakiko dute ze obra egin behar diren aurten. «Koxkak badu in­forme bat egina, 2011ko azaroan, eta informe horretan ageri dira puntu-beltz ba­tzuk, edo behar ba­tzuk. Horrez gain, jendeak ekarriko ditu pro­posamen berriak, eta ze­rren­da bat osatuko da Asan­blean bertan. Horregatik da ga­rran­tzitsua Asanbladara aha­lik eta jende gehien azaltzea».


Udalarekin protokoloa etengabeko elkarlanerako
Ez da nahikoa ordea, lehendik gaizki dagoena konpon­tzea; beharrezkoa da, orain egi­ten dena ondo egitea ere. Ho­rregatik, protokolo bat lantzen ari dira Koxka eta Hernaniko Udala, etengabe elkarlanean aritzeko. Hain­beste denboran behin bilera egingo dute, eta hor errepasatu, nola dijoazen obrak edo ze proiektu berri dauden, hor errapasatuko dira baita ere, Koxkaren informea, eta Uda­laren mugikortasun plana... «Edozein obra edo proiektu egin behar denean, Koxka jakinaren gainean egongo da, bere iritzia eta ikuspuntua kontuan har­tu daitezen». Ez bakarrik obrak egiten direnean, baita ekitaldi publikoetan ere, edo propaganda bat egiten denean... hainbat gauza daude kontuan hartu beharrekoak. «Adibidez, ze lekutan egiten diren ekitaldi publikoak, erraz ulertzeko moduko hizkuntza erabiltzen duen Udalak...». Harago ere joan nahi dute: «Udalak propaganda publikoa egiten duenean, argazkietan azaldu dadila jende normala; ez beti gazteak eta politak... zaharrak ere hor daude, eta itsusiak, eta potoloak...». Udalak eta Koxkak konpromisoa hartu dute, bilera horiek etenik gabe egiteko, hiru hilean behin edo horrela.


«Pausuak ematen ari gara, zailtasunak dauden arren»
Koxkak dioenez pixkanaka-pixkanaka ari dira zenbait gauza lortzen, baina oraindik asko dago egiteko: kiroldegia, autobusa, eraikin publikoetako ateak... Adibidez, Koxkak dioenez, herri ba­rruko autobusarekin zerbaitek huts egin du, eta autobusa berria den arren, ez dago egokitua erabat, desgaitasuna dutenen­tzat. «Hori gertatu da, ziur aski, mekanismoek huts egin dutelako». Koxkak dio, aspaldiko arazoa dela herri barruko autobusarena. «Auto­bus zaharra ez zegoen egokitua. Orduan esan zitzaigun, berria ekarri arte zain egoteko. Eta berria etorri da, eta ez dago erabat egokitua legearen arabera. Baina txarrena da, egokituaren izenean etorri dela. Horregatik, Koxkak azterketa eskatu zion Gi­puzkoa­ko Elkartu taldeari. Haiek etorri ziren, aztertu zuten, eta informea oso garbia da: Hernaniko autobusak ez du betetzen legedia». Koxkak galdetu dio Uda­lari ea nola konpondu behar den autobusarena. «Herna­nin taxi bat bera ere ez dago desgaituentzat egokitua, eta autobusa ere ez dago erabat egokitua. Udala­rekin hitz egiten ari gara, ea nola aurkitu konponbide bat, inplikatutako guztiak konformatzeko».


«Denen inplikazioa behar dugu»
Kontu horiei buruz ariko dira Urteko Asanbladan, eta bertara azaltzeko dei egin diete interesa duten herritar guztiei. «Denen inplikazioa behar dugu. Zuzendaritzan sartzeko jende berria, gaztea, indarrean datorrena». Asanbladara azaltzen ez denari ere dei egin diete, ahal duten guztia egiteko bakoitzak bere arloan, problematika hauek kontuan hartzeko. «Zenbait komer­tziok adibidez, arranplak jarri di­tuzte gu sartu ahal izateko... guk komertzio guztiak eta herritar guztiak animatu nahi ditugu, era horretako erabakiak hartu ditzaten».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!