Astigarragako Musika Eskolan haur txikienei ere musika erakustearen aldeko apustua egin zuten 2009an. «Zergatik itxaron haurrek 4 edo 6 urte izan arte? Tripa barruan hasten da musika hezkuntza, eta haurren burmuina esponja baten modukoa da», azaltzen du Elena Herradorrek, haurtxoentzako tailerreko irakasleak. Urte osoan zehar egin daiteke matrikula, eta datorren ostiral eta larunbatean ate-irekien jardunaldiak antolatu dituzte. Ostiralean, arratsaldez, 16:30etatik 19:30etara, eta larunbatean, goizez, 10:00etatik 13:00etara (saioak ordubetekoak dira).
0-3 urte bitartekoak orain, eta haurdun daudenak, laster
Irati Zabala, Astigarragako Musika Eskolako kudeatzaileak azaldu du: «Euskal Herrian ez dago aukera hau ematen duen beste Musika Eskolarik, eta oso interesgarria iruditzen zaigu».
Oraingoz, 0-3 urte bitarteko haurrei ematen diete tailerra. Batetik, 0 eta 1 urte bitartekoei, bereziki, gurasoen lanketaren bidez. Bestetik, 1-3 urte bitartekoei. «Autonomoago egiten diren heinean, gauza gehiago egin nahi izaten dituzte beren kabuz, eta bakarrik. Hemen gainera, oso material ona dago; haur txikiei egokitutako musika tresnak, adibidez: marakak, metalfonoak, panderoak, euri-makilak...», dio Herradorrek.
Lehenengo asmoa da 0 eta 1 urte bitartekoen taldea osatzea. Baina datorren ikasturterako, haurdun dauden emakumeentzako tailer bat prestatzen ari dira. «Haurdunaldiko 3garren astetik aurrera hasten da formatzen belarriko hezurtxoa. Entzumena da garatzen den lehenengo zentzumenetako bat. Haurdunaldian tailerra eginda lortzen da erlajazioa, amaren eta haurraren arteko lotura sortzea, haurrak amaren gorputzaren mugimenduarekin gozatzea...».
«Kultura oso bisuala da orain gurea; eta begiak itxiz gero?»
Tailer hau haurrentzat oso aberasgarria dela ziurtatzen dute Herradorrek eta Zabalak; baina baita gurasoentzako ere, baliabide asko ematen baitizkie, gero, etxean lantzeko.
«Musikaren bidez lortzen da haurrak gorputzaren kontzientzia ondo garatzea, koordinazioa ondo eramatea, entzumena lantzea, musikarako zaletasuna indartzea... Baina baita ere, ingurunea ezagutzea, eta haurren arteko edo haur eta gurasoen arteko harremanak indartzea».
Eta asko dira erabili daitezkeen musikak. «Guraso askok eskerrak ematen dizkigute, pailazoen musikaz gain, musikak mundu zabalago bat eskaintzen duela ohartzen direlako!», dio Herradorrek. «Umeentzako katalogatutako kantuak ondo daude, baina baditugu, baita ere, musika klasikoa, herrikoia (hemengoa nahiz kanpokoa), seaska kantak, erlajaziozkoak...».
Herradorren iritziz, «garrantzitsuena da ahotsarekin, hotsekin eta musikarekin jolastea. Askotan gurasoak dira lotsa galdu behar dutenak. Guk baliabideak eskaintzen dizkiegu. Oraingo kultura oso bisuala da; lehen beti izaten zen bateren bat inguruan kantari! Begiak itxiz gero, soinu asko nabari dira, eta haurrek irrika izaten dute, nondik datozen jakiteko. Gero, etxean, parkean, ohartu egiten dira».