Pedro Santa Kruz, Joxe Mari Aizega eta Maider Unda izango dira kofrade berriak

Kronika - Erredakzioa 2013ko mar. 10a, 01:00

Gaur zortzi ospatuko du bere XVIII. kapitulua, ‘Tolare’ Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Kofradiak. Urtero bezala, ohorezko kofradeak izendatuko ditu aurten ere: Santa Kruz eta Aizega hernaniarrak, eta Unda arabarra.

Datorren igandean, mar­txoaren 17an, XVIII. Kapitulua ospatuko du Tolare Gipuz­koako Sagardo Naturalaren Kofradiak. Urtero bezala, aurten ere egun osoko festa antolatu dute, eta hiru ohorezko kofrade berri izendatuko dituzte: Pedro Santa Kruz eta Joxe Mari Aizega hernaniarrak, eta Maider Unda arabarra. Larre-Gain sagardotegiko sagardogilea da lehenengoa; Basque Culinary Centerreko zuzendaria, bigarrena; eta hirugarrena, goi-mailako kirolaria, 2012ko Londresko Joko Olinpikoetan brontzezko domina lortutakoa Borrokan. Ohorezko kofrade berriez gain, festara gonbidatuta dau­de, baita ere, Euskal Herriko nahiz espainiar eta frantziar estatuetako hainbat kofradia.


Goizetik eguerdira arte protokoloa; gero, festa
Goizeko 11:00etan emango ziao hasiera eguneko egitarauari. Ohorezko Kofrade be­rriei ongietorria egingo zaie Xalaparta elkartean, hamaiketakoarekin. Eguerdiko 12:15etan berriz, kalean barrena buelta egingo dute, bai Ohorezko Kofradeek eta baita etorritako Ko­fra­diatako kideek ere. Musika Banda izango dute lagun, eta Kofradietako kideek beren jantzirik onenak eta estandarterik politenak erakutsiko dituzte, herrian zehar. Besteak beste, Hernanin izango diren Kofradiak dira Beasaingo odolkia, Getariako txakolina, Idiazabalgo gazta Ordizian, Donostiako Gastronomika eta Queimada, Bidasoako izokia, Landetako Jaboitiers eta Panturon, Kantauriko antxoa, Nafarroako zainzuriak (esparragoak)... Bazkaltzera joan aurretik egingo dute ekitaldi nagusia. Biterin izango da, 13:00etan. Agurra dantzatuko diete dan­tzariek 3 Ohorezko Kofrade berriei, eta segidan, sagardoaren alde zin egin beharko dute. Ekitaldiari amaiera emateko, Ozenki abes­batzak kantatuko du, eta ondoren, Larre-Gain sagardotegira joango dira denak, bazkaltzera.

Pedro Santa Kruz


88 urte bete berri ditu Pedro Santa Kruzek. 1925eko martxoaren 5ean jaio zen, Akolan. Bost anai-arreba zi­ren; arreba, zaharrena, eta gainontzeko lauak, mutilak.
11 urterekin atera zen Santa Kruz Akolatik; Oialumen aritu zen lehenengo, morroi, eta 16 urterekin berriz, Zikuñagako papeleran hasi zen lanean. 1951n, Larre-Gainera joan zen, bertako alaba Martina Zerain Minerrekin ezkonduta. 7 seme-alaba izan zituzten: 4 mutil eta 3 neska. 1970ean, udaletxearenak ziren Larre-Gain ondoko erretzeko labeetan hasi zen lanean, Labietan, eta hantxe erretiratu zen.
Sagardoa egitea eta edatea ere beti ezagutu ditu Santa Kruzek, Larre-Gainen ere beti egin izan baita. Botilan saltzen ere hasi zen Pedro, baina sagardotegia alaba eta suhiak ireki zuten, 1991n. Sei urtez aritu zen Pedro bera kupelak irekitzen, duela 10 bat urte arte.
Ohorezko Kofrade izendatuko dutela-eta, dio «norbait akordatzeak beti ematen duela poza, eta eskertzekoa dela». Hala ere, egun sagardoaren alde «gutxi egiteko moduan» omen dago; «edan bakarrik!».

Joxe Mari Aizega

2011ko irailan ireki zituen ateak Basque Culinary Centerrek, eta ordutik, Joxe Mari Aizega hernaniarra da bertako zuzendaria.
Euskal gastronomia maila gorenera eramatea da Basque Culinary Centerren asmoa, eta beste euskal produktuen artean, Euskal Herriko sagardoari leku berezia eman diote.
Aizegak aitortutako hitzak dira: «gure lanetako bat da gure ondare gastronomikoa mantentzea».

Maider Unda

2012ko Londresko Joko Olinpikoetan brontzezko domina lortu zuen Maider Undak, Borrokan.
Ordutik txapelketa gehiago ere irabazi ditu. Azkena, otsailan jokatu den Espainiako Txapelketa, urrezko domina lortu baitu.
Olaetakoa (Araba) da Maider Unda, eta familiaren baserriko kargua du. Bertan ardiak zaintzen dituzte, eta gazta egin eta saltzea da bere beste ofizioa; Idiazabalgo gazta, hain zuzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!