Bost txori, gure parkeetan gero eta arruntagoak

Kronika - Erredakzioa 2013ko mar. 10a, 01:00

Hernaniko ikasleak kabi-kutxak jartzen aritu dira Hernaniko parkeetan, lehen arruntak ziren txoriak berriz ere guregana inguratu daitezen.

Kabi itxurako kutxak zuhai­tzean zintzilik ikustea ez da arraroa Hernaniko parkeetan. Kabi-kutxak dira, eta gure txoriei jarri dizkiete, bertara inguratu daitezen. Benetan lortzen omen da helburua, eta hasieran kostako bada ere, bost txori espezie, behintzat, animatzen omen dira beren kabiak bertan egitera: Kax­kabeltxa eta Kaxkourdina nahiko erraz, eta murritzago Mendi txoarria, Arrastillua (Gerri-txoria) eta Txepetxa.


Bertako espezieak, eta migratzen ez dutenak
Her­naniko Kronikak Aran­zadiko Ariñe Crespo ornitologoarekin hitz egin du txori horiei buruz zerbait gehiago jakiteko. Bost txori horiek nahiko arruntak dira, eta ba­dute bereizgarri bat: ez dute migra­tzen. Alegia, urte guztia hemen egiten dute. Txori horiek, kabiak egiteko maiteak dituzte zuhaitz zaharren enborrak eta zuloak. Har­gatik, gure parkeetan zuhaitz zaharrik ez dagoenez, aspaldi ez dira in­guruotan ibiltzen. Hala dio Crespok: «kabi-kutxek bete­tzen duten beren funtzioa. Hasieran kostako zaie, baina gero etorriko dira». Gehiago ere esan digu Crespok, «intsektu jaleak eta hazi jaleak dira. Mar­txo-apirilean ugaldu, eta maiatza aldean kumeak aterako dituzte. Batez beste, 12-17 egunetan inkubatzen dituzte arrautzak, eta beste 15-20 egunetan hegan hasiko dira kumeak».

Txoarria, edo Txoarriya

(Passer domesticus edo montanus) Hernanin hala da ezaguna, baina baditu hamaika izen: Patxizarra, Paretatxori, Eliz­txori... Urnietan Burloia ere esaten omen zaio, eta ondo jarria du izena: Ereño­tzun Txoarre batek txorimaloari poltsikoan egin omen zion kabia.

Kaxkourdina, Europako txori koloretsuenetakoa.

Hernanin Kaxkourdiña esaten zaio, baina Amilotx urdina ere deitzen zaio. Kolore urdin argi argiak ditu, eta berdea, horia, txuria eta beltza ere bai. Txori hau erruz ikusi liteke gurean eta Europa guztian, eta kabi-kaxak oso maite ditu.

Kaxkabeltxa.

(Parus maior) Oso txori ezaguna da, eta ikusgarria, kolore hori, beltz eta txuri ederrak dituelako. Kaxkabeltx haundi ere esaten zaio, eta hori da, lehengusu txikiago bat ere baduelako, Txinbo kaxkabeltxa, burua beltza eta gorputz marroia dituena.

Arrastillua, edo Gerri-txoria. 

Hernanin Arrastillu esaten diote (Certhia brachydactyla) baina Gerri-txori gisa ere ezaguna da. Txikia, eta zuhaitzean behetik gora bueltan bueltan igotzen dena, harrak janez. Enborraren kolorearekin nahastu egiten da, eta hargatik da zaila ikusten.

Txepetxa, txikiena eta maitatuena. 

Txepetxa (Tro­glo­dytes troglodytes) eta Txan­txangorria omen dira txoririk maitatuenak gurean. Urte guztia bertan egiten du, eta paseatzen dabilenak maiz ikusiko du, bidea batetik bestera hegan guru­tzatzen. Txori­ku­mea delakoan pasa izango da sarri, baina berari ez irudi­tzen ordea, hain txikia denik. Hala zioen, behintzat, Pedro Mari Otaño bertsolari zizurkildarrak: 

Txotx batek aixa jasoko luke
nola karga gutxi duan
baño gustatzen zayo jartzia
adar sendoxiaguan
amildu arren ez leike galdu
dakiyelako eguan
baño arkitzen baldin bada ere
burnizko aldamiyuan
iru lau aldiz xanpatutzen du
seguru ote daguan
.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!