Hernanin talde berri bat sortzeko bidean da, joan den ostegunetik, etxe kaleratzeei aurre egiteko. Premia izugarria dela, eta Hernanin kasu asko eta asko daudela adierazi zuten Donostiako Kaleratzeak STOP Desahucios taldeko kideek. Ikusleek asko parte hartu zuten debatean, eta bukaeran deialdi bat egin zuten taldea sortzeko: datorren ostegunean, martxoak 14, 19:00etan Biterin.
Jende asko bildu zen Areto Nagusian, eta hizketan aritu ziren, Donostiako taldeko kideak: Rosa Garcia buru zutela, Irati eta Amparo, eta Txema (Hernaniko ordezkari bezala).
«Hernani ez da salbuespena, hemen ere kasu asko daude»
Rosa Garcia da Kaleratzeak STOP elkartean telefonoa hartzen duena, eta hark adierazi zuen, Donostiako bulegora deitzen dutela Hernanitik. Hargatik dakite Hernanin ere kaleratze kasu asko daudela. «Hernaniko kasu zehatzik ez daukagu, ez dagoelako inor horri jarraipena egiten, baina badakigu kasu asko direla. Hernani ez da salbuespena».
Etxea galtzera dijoana erruduna da edo ez da?
Biterira inguratutako jendeak asko hitz egin zuen ostegunean. Tartean izan zen eztabaida txiki bat, errua zeinena ote den. Alegia, zenbaitek azaldu zuen, etxea galtzera dijoanak erru zati bat ere baduela, behar baino hipoteka haundiagoan sartzeagatik. «Burua denoi joan zaigu, eta hori onartzetik hasi behar dugu». Sentsazio hori nahiko tipikoa dela azaldu zuten Kaleratzeak STOP taldeko kideek, eta hori superatu beharra dagoela. «Iruzur bat izan da, eta jarri diguten amuari heldu egin diogu. Horraino ados, baina horrek ez die eskubiderik ematen egiten ari direna egiteko. Alegia, etxea galdu eta hala ere zorretan segitzea, ordainketan atzeratzeagatik %25eko interesak ordaindu beharra... hori dena ez da bidezkoa, eta horren kontra lan egin behar dugu».
Politikoak eta bankuak, «estafa honetan inplikatuta»
Banketxe guztiak eta batez ere Kutxabank salatu zuten ostegunean, Biterin, eta denak politikoekin «konpintxatuta» daudela adierazi zuten. «Kutxabankena izugarria da. Fernandezek berak esan zuen Kutxabankek ez zuela beste inor kaleratuko, eta geroztik kaleratze gehien egiten ari dena bera da». Ikusleetako batek adierazi zuen, Kutxabank pribatizatzen ez zegoela uzterik, Aurrezki Kutxetako dirua bertan dagoelako, eta hori herritar guztien ondarea delako.
Politikoak ere erabat inplikatuta daudela adierazi zuten, kaleratzeen kontrako neurriak hartuko zituztelako bestela.
Etxea galdutakoan, hipoteka ere bukatu
Denen iritziz, erremedio nagusia dacion en pago delakoa da. Alegia, etxebizitza galdutakoan, zorra kitatzea. Kasu praktiko bat jarri zuten, egoera zein den adierazteko. «180.000 euroko hipoteka daukan batek, etxea galdu, eta hala ere 120.000 euro ordaindu behar dizkio bankuari, interes, gastu judizial eta abarretan».