2012ko urtarrilean hasi zen Udala, Hernaniko auzo elkarteekin biltzen, eta lehengo astean bukatu zen azken bilera erronda.
Auzoz auzokako erronda hauek egitearen asmoa izan da auzo bakoitzaren errealitatea eta beharrak ezagutzea, Udalaren asmoen berri ematea, eta Udala eta auzoen arteko, nahiz auzo elkarteen arteko elkarlana bultzatzea.
Urtebete honetan egindako lanaren emaitzetako bat da Parte Hartze Batzordea. Edonork hartu dezake parte bertan, eta auzo guztiei edo gehienei eragiten dieten gaiei buruz hitz egin eta erabakiak hartzeko balio du.
Hain zuzen, Luis Intxauspe Hernaniko alkateak azaldu du zer egin den Batzorde honetan. Batetik, «2013ko aurrekontuan, auzo elkarte guztiei azpiegitura ziurtatzeko ahalegina egin da inbertsioetan; hau da, auzo guztietan elkartzeko eta lanerako lokala ziurtatu da». Bestetik berriz, «auzoetara bideratzen ziren dirulaguntzen kopurua bikoiztu egin da, eta ondoren, auzoetako bizilagunekin diru hori nola banatu aztertu, eztabaidatu eta adostu dugu, denon artean». Urte bukaeran berriro elkartuko dira auzotarrak eta Udala, egindakoa baloratzeko eta hurrengo urterako aldaketak egin behar ote diren erabakitzeko.
«Auzo elkarteak auzoetako bizitza eta dinamikaren sustatzaileak dira»
Auzoz auzokako errondak egiten 2012ko urtarrilean hasi zen Udala. Izan ere, Luis Intxauspe alkateak azaldutakoaren arabera, «auzo elkarteak oso eragile garrantzitsuak dira guretzat. Auzoetako bizitza eta dinamikaren sustatzaileak dira. Horregatik, argi genuen legegintzaldi hasieratik auzoen biziberritzearen aldeko lana egin nahi genuela. Horrela, auzoz auzokako errondak egin genituen, auzo bakoitzaren errealitatea eta beharrak ezagutzeko».
Guztira, Hernaniko 14 auzorekin egin ditu Udalak bilerak: Antziola, Karabel, Martindegi, Lizeaga, Santa Barbara, Osiñaga, Zikuñaga, Latsunbeberri, Portu, Sorgintxulo, Kaxkoa edo herrigunea, Elizatxo, Etxeberri eta Akarregi. «Auzo batzuk dinamika haundia zuten, beste batzuk ez; eta auzo batzuetan ez zegoen bizilagunen elkarterik». Hala ere, «Udala Hernaniko auzo elkarte guztiekin elkartu» dela azaldu du Intxauspek.
Gibelalde eta Jauregi, auzo elkarte berriak
Auzo batzuetan elkarterik ez egotea ez da oztopo izan Hernaniko auzo guztietako bizilagunekin biltzeko. Luis Intxausperen esanetan, «hasi ginenean auzo guztietan ez zegoen elkarterik, baina ondoren berriak sortu dira».
Auzo horietako bat da Lizeaga, hain zuzen. Udalaren bilera erronda martxan jarri zenean ez zegoen auzo elkarterik. Baina Udala auzoko gaien inguruan hitz egitera gerturatu zenean bizilagun dezente bildu zen. Horrela, Gibelalde auzo elkartea sortzeko ideia izan zuten hainbat bizilagunek, Jon Gonzalez lehendakariak elkartearen aurkezpenean azaldutakoaren arabera.
Gibelaldez gain, «beste auzo elkarteren bat ere sortze prozesuan bada», argitu du Luis Intxauspek, «Jauregi, adibidez».
Bestalde, auzo elkarterik ez dagoen auzoetan ere bizilagunekin elkartu dira; «Etxeberrin adibidez, bertako soziedadean bildu izan gara, nahiz eta auzotarren elkartea ez izan».
Parte Hartze Batzordea, herritar guztiei irekia
Bi planotan ari da lanean Udala Hernaniko auzoekin. Batetik, auzo bakoitzaren arazoak eta eskakizunak aztertzen dira, auzoarenak berarenak direnak, konkretuak. Bestetik, Parte Hartze Batzordean, auzo guztien arteko elkarlana bultzatzen da, auzo bati baino gehiagori eragiten dieten gaiak aztertuta.
Prozesua lehengo urtean jarri zen martxan, urtarrilan. Auzo elkarteekin banaka bildu zen Udala, auzoak ezagutzeko eta hauen berri jakiteko, eta era berean, Udalaren egoera zein den azaltzeko. Izan ere, Luis Intxauspek dio «auzo bakoitzak bere behar bereziak ditu. Denetan dago zer konpondu eta txukundu: espaloiak, argiak, lorategiak, parkeak... Baina Udalaren aurrekontua mugatua da eta lehentasunen araberako lanak pixkanaka egingo ditu Udalak auzo bakoitzean. Egoera ekonomikoaren azalpena egin dugu auzoetan, Udalaren sarrera eta gastuen berri eman dugu, eta lan guztiak bideratzea ezinezkoa dela ulergarriagoa egtien zaigu denoi».
Lehenengo erronda hura bukatuta, Parte Hartze Batzordea osatu zen ekainean. «Parte Hartze Batzordean auzo elkarte guztietako ordezkariak elkartu genituen. Auzo elkarte bakoitzak bere aurkezpena egin zuen, denok elkar ezagutzeko, eta ondoren, auzo bakoitzaz gain, Hernani osoari edo herritar gehienoi eragiten diguten gaiak zehaztu genituen, hauek auzoetako errondan ateratakoak, gehienak». Parte Hartze Batzorde honetan gainera, herritar orok parte hartu dezake nahi izanez gero, guztiz irekia baita.
Irailan beste auzoz auzokako bilera erronda bati eman zitzaion hasiera. «Bigarren errondan, auzoz auzo bakoitzaren arazoak, lanak, eskaerak... landu genituen. Honekin batera, aurrekontuak osatzeko ideiak eta proposamenak jaso genituen auzoetan».
Bilera errondak bukatuta, Batzordean lanean ari dira orain, eta lehengo astean egin zuten azken bilera udaletxean, elkarte guztietako ordezkariak bilduta.
2013rako proiektuak
Lehenengo urratsak eman ditu dagoeneko Batzordeak, eta beraz, denen artean erabaki batzuk hartu dira, 2013 urteari begira. Luis Intxauspe alkateak argitu digu zein diren eman diren lehenengo pausuak. «Landu dugun lehenengo gaia dirulaguntzena izan da. Batetik, auzoetara bideratzen ziren dirulaguntzen kopurua ez zela nahikoa baloratu genuen. Horregatik, 2013ko aurrekontuetan diru partida hori ia bikoiztu egin da. Ondoren, auzoetako bizilagunekin diru hori nola banatu aztertu, eztabaidatu eta adostu dugu. Lehenengo urratsa izan da, urte bukaeran baloratuko duguna, eta hurrengo urterako moldatu behar badugu, denon artean berriro eztabaidatu eta egokituko dugu».
Beste alde batetik, auzo guztietan elkartzeko eta lanerako lokala ziurtatzeko «ahalegina egin da inbertsioetan».
Hemendik aurrera, auzoekin bi modutara lanean jarraituko du Udalak. Hau da, Parte Hartze Batzordeak martxan jarraituko du auzo guztiei edo askori eragiten dieten gaiak lantzeko. Horien artean, «herriko autobusa (ibilbidea, ordutegiak...), haurren parkeen egoeraren azterketa, bide gorrien sarea eta Eskolara Bizikletaz egitasmoa», adibidez.
Horrez gain, auzoz auzoka lanean jarraitzeko asmoa ere badu Udalak. «Auzoren bat gugana etorri daiteke Udalera berea duen arazo, kezka edo beharren bat lantzeko, edo gu bertaratu gaitezke auzora, 2011ko uholdeen ondoren Portu eta Karabelen egin genuen bezala. Ateak zabalik daude, eta Udala auzoei laguntzeko prest».