Asko izango dira beherapenetan arroparen bat edo beste begiz jo eta Stock Azokaren zain daudenak. Eta askorik ez dute itxaron beharko, bihar irekiko baititu ateak Atsegindegin. Udazken eta neguko arropa merke-merke erosteko aukera izango da bi egunetan. Bihar, 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik eta larunbatean 10:00etatik 14:00etara. Larunbatean puzgarriak izango dira 10:30etatik 12:30etara.
Haur arropa, kirol jantziak...
Arropa mota ezberdina izango da erosteko aukera: haurrentzako arropa, kirol jantziak, barruko arropa... Konplementuak eta oinetakoak ere bai, besteak beste. Denera, 12 dendak hartuko dute parte eta 8 hernaniarrak izango dira: Ibaimendi, Valen, Ilargi, Kera, Marna, Kuluxka, Maialen haurdenda eta Feli.