Gipuzkoako Kaleratzeak Stop Deshaucios taldeko hiru kide Hernanin izango dira gaur. Kaleratzeen inguruko informazioa emango dute eta halako egoera baten aurrean zer egin daitekeen azalduko dute, besteak beste. Hitzaldi honen helburua da, herritarrei egoeraren berri ematea eta Hernanin, kaleratzeen aurkako taldea osatzea. Herritarrei azaltzeko dei egiten diete. Biterin izango da, 19:00etan.
«Honek amaitu egin behar du»
«Ba al zenekien krisia/estafa hasi zenetik 350.000 familia baino gehiago beraien etxeetatik kaleratuak izan direla? Gipuzkoan egunero, 3 kaleratze izaten dira eta gehienak konturatu gabe gertatzen dira familia askok oraindik errudunak direla sentitzen dutelako. Babesik gabe daude eta ez dute egoera salatzen. Honek amaitu egin behar du!», azaldu dute antolatzaileek. Halako egoera bat bizi duten edo ezagutzen duten herritarrei luzatzen diete gonbitea, batez ere.
Laguntza, inoiz baino garrantzitsuagoa
«Ezin gara denbora gehiagoan besoak gurutzatuta geratu halako bidegabekeriak gertatzen diren bitartean. Herrian, kaleratzeen aurkako taldea osatu eta familia horien egoera dramatikoarekin amaitzeko behar zaitugu. Zure elkartasuna eta laguntza inoiz baino garrantzitsuagoa da orain», gaineratu dute, hernaniarrei deialdia luzatuz.