Baratza Parke Ekologikoa izango du Hernanik

Kronika - Erredakzioa 2013ko mar. 3a, 01:00

Laster izango dira prest baratzak jartzeko lurrak, Kutxa Ekogunean (lehengo Zabalegi; Galarretatik Oria­mendirako bidean, ezkerretara). Bertan parte hartzeko izena emateko aukera izan dute hernaniarrek, donostiarrek eta lasarte-oriatarrek. Bestalde, aurrerago, Her­na­niko Udalak herriko par­tzela gehiago jarriko ditu hernaniarren eskura. Asmoa da, aisialdirako baratza ekologikoen parkea osatzea. Lursail hauetan baratza jarri beharko dute erabiltzaileek, bide ekologikoak erabilita. Bertatik lor­tzen dituzten produktuak norberak jateko izango di­ra; inolaz ez, saltzeko edo etekin ekonomikoa ateratzeko. Hori guztia zehazteko araudia argitaratu berri du Her­naniko Udalak.


Baldintzen artean, konposta egitea derrigorrezkoa
Baratza egiteko lursail hauetako bat erabili ahal izateko, hainbat arau zehaztu ditu Udalak. Hauek betetzen ez badira, epea bukatu baino lehen lursaila galtzeko arriskua dago. Arau horietako bat da, hain zuzen, konposta egitea. Baina ez baratzan bertan sor­tzen diren hondakinekin soilik, baizik eta, baita etxekoekin ere. Hau da, baratza hauetako baten erabiltzaile direnei ez zaie hondakin organikorik bilduko etxean, Atez Atekoarekin. Era berean, baratza ekologikoak dira, eta lurra eta akuiferoak zaintzea derrigorrezkoa da. Hori ho­rrela, ezin dira ongarri kaltegarriak edo fitosanitarioak erabili.


Prestakuntza eta materiala, Udalaren eskutik
Baratzaren zaintza ekologikoa bultzatu nahi dela-eta, Udalak prestakuntza eskainiko die interesa dutenei. Era berean, baliabideak eta materiala jarriko ditu erabiltzaileen esku. Bestalde, ezinbestekoa da lursail bakoitzeko erabiltzaileek baratzak kudeatzeko elkarte bat sortzea. Horrela, Uda­leko kudeaketa arduradunarekin harremanetan egongo di­ra, zalantzak, arazoak... argitzeko.

Arauak ez betetzearen ondorioak
Udalak izendatutako langileek edozein momentutan begiratu ahal izango dituzte ba­ratzak, arauak betetzen direla ziurta­tzeko. Hala ez denetan, bara­tza galdu edota isuna ordaindu ere egin beharko da.

BARATZETAKO ARAU NAGUSIAK
-Baratzaren erabiltzaileak Hernanin erroldatua egon behar du, ezin du baratza ekologiko baten erabiltzailea den ‘bizikidetza-unitatekoa’ izan (etxe berean bizi), eta ezin du nekazaritzako lurren jabe izan.
-Baratzaren erabiltzaileak elkarte bat sortu beharko dute.
-Aisialdirako baratzak direnez, bertan lortutako produktuak kontsumo propiorako dira; inolaz ez, saltzeko edo etekin ekonomikoa ateratzeko.
-Lursail bakoitzaren arduraduna erabiltzailea bera da: ondo mantendu, garbi eta txukun eduki, konpartitzen diren tresna eta baliabideak errespetuz tratatu, eta ez eragin kalterik instalazioei ez eta ingurukoei.
-Ingurumen-prebentziorako printzipioa errespetatu: baratza ekologikoak dira, eta beraz, ezin dira lurra edo akuiferoak kaltetzen dituzten ongarriak erabili, ez eta fitosanitarioak ere.
-Konposta egitea derrigorrezkoa da, baita baratza erabiltzen duenaren etxean ere. Ez zaie Atez Atekoarekin organikorik jasoko.
-Ezin dira zuhaitz, zuhaixka, edo fruta arbolak landatu.
-Ezin da paisaia hondatzen duen elementurik jarri edo eraiki: txabolak, negutegiak, parrilla jarri, hesiak egin, autorik aparkatu.
-Udalak izendatutako langileek nahi dutenean eta abixatu gabe begiratu ditzakete baratzak, erabilera egokia ote den ziurtatzeko.
-Udalak behar izanez gero, nahi duenean hartu dezake erabiltzaile bati utzitako lursaila, eta ez da kalte-ordainik izango.
-Arauak hautsiz gero, baratza galdu daiteke, eta arau-haustea larria izanez gero, isuna ordaindu beharko da: 60 eta 3.000 euroren artean.


Araudia osorik:  http://www.kronika.net/uploads/dokumentuak/Udal%20Baratzen%20araudi%20orokorra.pdf

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!