Denboraldia markatuko duen partidua gaur, Oiartzunen aurka

Kronika - Erredakzioa 2013ko mar. 2a, 01:00

Hernanik Oiartzunen aurka jokatuko du gaur. Aurrenekoa eta bigarrena izango dira, aurrez aurre. Puntu baten aldea dute eta gaurko emaitzak baldintzatuko du denboraldia. Txuri-berdeak momentu onean daude, indartsu, eta 3 puntuak lortzera joango dira Oiartzunera. Animatzera joateko dei egin dute. Partidua, 16:15etan, Karla Lekuonan.

Oiartzunen aurka jokatuko du gaur Hernanik. «Par­ti­du zaila, baina polita» espero du Jon Loran koordinatzaileak. «Goian gabiltzan bi talde gara. Oiartzun behetik gora etorri den taldea izan da. Az­ken 7 partiduak irabazi ditu, baina gu momentu onean gaude, indartsu, eta 3 puntuak lor­tzera joango gara», azpimarratu du. Hainbat lesio izan dituzte txuri-berdeek, baina bat izan ezik, guztiak errekuperatu dira.
Hernanik lider jarraitzen du eta Oiartzun puntu batera dago bigarren postuan. Real Union ere, puntu batera dago, hirugarren postuan. Hori horrela, gaurkoa, denboraldia baldintzatuko duen partidua izango dela dio Loranek. «Partidu hau izango da denboraldia markatuko duena. Partidua irabazten badugu, kristoren pausoa emango dugu. Eta galtzen badugu, denboraldia zailduko zaigu pixka bat».

Hernani, presionatzera

Oiartzun, azken partiduetako emaitza onak direla eta, mo­ra­lez oso fuerte dagoen taldea dela dio Loranek. Horrez gain, erasoan oso ondo moldatzen den talde gisa defini­tzen du. «Ondo mugitzen den taldea da eta gu presionatzera aterako gara. Guk gure armak eta indar guneak ditugu eta horiek erabiliko ditugu», dio. Hernanik 3-1 irabazi zion joaneko partidua, baina oso parekatua izan zen eta gaurkoa ere hala izango dela uste du Loranek.

«Gure sekretua, defentsa ona»

Indar gune horietaz galdetuta, Loranek dio Hernaniren sekretua, defentsa ona dela: «Defentsa oso fuertea dugu eta guri gola sartzea oso zaila da. Blokeoan lan asko egiten dugu. Eta zelai erditik gora ere kalitatea dugu. Horre-gatik gaude gauden lekuan, atzean ondo ibilita, errazagoa da irabaztea». Izan ere, Her­nani lider izateaz gain, denboraldi honetan gol gutxien jaso dituen taldea da. 15 gol bakarrik sartu dizkiote.

«Ziur gaude, aurrean ibiliko garela»
Hernaniri, gaurkoa kontuan hartuta, 12 partidu geratzen zaizkio liga bukatzeko (partidu bat bukatu gabe geratu zen eguraldiaren eraginez). Maiatza ingurura arte, zer gertatuko den jakitea zaila den arren, Loran ziur dago aurrean ibiliko direla. «Azkeneko 5 partidutan erabakiko da, baina seguru nago hor egongo garela. Garrantzitsua da gainera, geratzen zaizkigun partidu gehienak etxekoak direla eta etxean jokatu ditugun partidu guztiak irabazi ditugu».  
Hurrengo partidua Beti Gazte taldearen aurka jokatuko du Hernanik. Beti Gazte 11garren postuan dago, baina hori ere ez dela partidu erraza izango aurreratu du Loranek: «Behean dabiltzan taldeek ere euren helburuak dauzkate eta ez dago partidu errazik. Maila honetako partidu guztiak oso borrokatuak dira».

«Partidu batzuk failatu arren, oraindik ez gaituzte pasa»
Hernanik oso indartsu hasi zuen denboraldia. Errekorra ere lortu zuen bederatzi partidutatik bederatzi irabazita. Zenbait partidutan erritmoa pixka bat jaitsi arren, orokorrean, oso balorazio positiboa egiten du koordinatzaileak: «Oso kontentu gaude. Erre­gularitate hori mantentzea zaila da eta partidu batzuk failatu ditugu, baina oraindik ez gaituzte pasa. Lidertzari eutsi diogu orain arte».

Hirugarren mailarako borrokan
Esan bezala, Hernani goiko postuetan ibiltzea espero du Loranek eta Hirugarren mailara itzultzeko aukera haundia ikusten du. «Dena dela, zaila dago hiru taldeentzat eta ez bada hala gertatzen, ez gara hondoratuko».
Lehenengo geratzen den taldea zuzenean igoko da Hirugarren mailara, bigarrenak aukera izango luke Play Offak jokatu ondoren.

Oiartzunera joateko deia
Norgehiagoka Oiartzunen izango da 16:15etatik aurrera, Ugaldetxo auzoko Karla Lekuona zelaian. Hernanik dei egiten die bere zaletuei bertara joateko.

SAILKAPENA
Postua Taldea Puntuak
1   HERNANI C.D. 51  
2   OIARTZUN K.E. 50  
3   REAL UNION CLUB SAD 50  
4   BERIO F.T. 42  
5   ARETXABALETA K.E. 41  
6   BERGARA K.E. 38  
7   HONDARRIBIA F.E 32  
8   TOURING C.D. 32  
9   TOLOSA C.F. 31  
10   ALOÑA MENDI KE 29  
11   BETI GAZTE K.J.K.E. 26  
12   UROLA K.E. 25  
13   OSTADAR S.K.T. 23  
14   TRINTXERPE C.D. 23  
15   LAGUN ONAK C.D. 23  
16   MONDRAGON C.F. 22  
17   ZARAUTZ K.E. 22  
18   AURRERA K.E. 19  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!