40 urtez, enbor beretik

Kronika - Erredakzioa 2013ko mar. 2a, 01:00

Hernanin, 40garren aldiz egingo da Zuhaitz Eguna, gaur. Joxe Legarreta zenak bultzatutako ekimen honek, hasierako enbor beretik segi du eta fruitu ederrak eman ditu. Pinudiei aurre eginez, bertako zuhaiztiez osatutako parajeak ageri dira egun, Epelerrekan, Aparrainen, Akolan... Zuhaitz Eguna nondik sortu zen jakiteko eta urte hauetako kontuen berri izateko, Antonio Aranbururekin, Antton Garinekin, Roxario Pikabearekin eta Inaxio Sanzekin elkartu da Kronika.

Antonio Aranburu Sanso­na­tegik Hernaniko basozaina izandakoak ondo baino hobeto gogoratzen du lehenengo Zuhaitz Eguna: «1974an izan zen. Ni 1973ko maiatzaren 2an hasi nintzen Udalean lanean eta hurrengo urtean izan zen. Larre-gainen harizti ederra dago orduko hartan aldatua», dio. Hara joan gara, Aranburu, Roxario Pikabea egungo basozaina, Antton Garin, Inaxio Sanz eta bostak.
Handik, Epelerrekan zehar urte hauetan aldatutako zuhaiztiak ikusi ditugu. 30 bat urte inguru dauzkaten gaztainondo ederrak, besteak beste. Gaztaina erruz ematen dute. Donostiar batzuk ba omen dira gaztain pila eramanak, gero saltzeko. Aparrain aldera ere egin dugu bixita. Bigarren urtean, hau da, 1975ean aldatutako pagadi zoragarria ageri da Azerilepon. Paraje horiek ikusiz, makina bat oroitzapen, kontu eta anekdota aipatzen dituzte laurek. Baita beleak hamaiketakoa jan zienekoa ere. Eta kontu horietan izen bat errepika­tzen dute behin eta berriz: Joxe Legarreta Pepito.

Joxe Legarretak bultzatua
Joxe Legarreta zena, Zuhaitz Egunaren bultzatzaile nagusia izan zen. Legarreta Hernaniko Udaleko zinego­tzia zen eta baita Mendiriz Mendiko kidea ere. Garai hartan pinua oso zabaldua zegoen Hernaniko basoetan, Euskal Herriko beste inguru askotan bezala, eta pinuen ordez bertako zuhaitzak landatzen hasi zen Lega­rre­ta. Hala gogoratzen du Ga­rinek: «Igande batzutan ez ge­nuen irteerarik izaten Men­diriz Mendirekin eta Joxek proposatuta halaxe aritzen ginen: dolmenak garbitzen, urki ba­tzuk jartzen… Pinuak ez zituen ikusi ere egin nahi».
Zeregin horretan, Maria Pilar Simon orduko Udaleko idazkariak ideia eman zion Legarretari. «Maria Pilarrek esan zion informazio bat topatu zuela eta garai batean Her­nanin Zuhaitz Eguna egiten zela, Ansorenatarrak txistua joz aritzen zirela… eta hortik sortu zen. Herri mugen ga­rran­tzia ere azaltzen zen idatzi haietan. Garai batean, Uda­le­an kontzejal guztiek urtean behin mendi buelta egiten zuten herriko mugetan barrena. Handik hasi ginen, larunbatez Zuhaitz Egu­na egiten haurrekin eta igandez Mugarri eguna egiten helduekin», azaldu du Aranburuk. Igandean ere zuhai­tzak alda­tzen zituzten. Mugarri Eguna orain, iraila-urria inguruan egiten da eta urte hauetan zehar aldaketak izan ditu.
Hernani, Gipuzkoako aurrenetako herria izan da Zuhaitz Eguna ospatzen eta 2010 arte, halaxe funtzionatu izan du: aurrena umeena egiten zen eta hurrengo egunean helduena. Halaxe gogoratzen dute Aranburuk eta Garinek: «Goizean haurrekin aritu ostean, otordua egiten genuen Ur Mian. Eta arratsaldean, hurrengo egunekoa antola­tzen genuen. Bost bat aritzen ginen, baina fijoak, normalean, Joxe eta hirurok izaten ginen».

25.000 zuhaitz landare, gutxienez
40 urte hauetan, 25.000 zuhaitz landare aldatu dira, gutxienez. Izan ere, Aranbururen esanetan, hasierako urteetan 500 zuhaitz landare aldatzen ziren. Gerora, berriz, 1000 inguru izan direla azaldu du Pikabeak. «2009 urtean 1500 ere ekarri genituen, baina gehitxo izan ziren». «Urte gehiago izan dira 500 landaretik gorakoak, beraz, 25.000 landare izan dira, gutxienez», azpimarratu du Sanzek.
40 urteren bueltan, makina bat paraje berri sortu dira. Hala azaldu dute: «Epelerre­kan gaztainekin eta haritz amerikarrarekin hasi eta
Ak­o­la, Usokoe­rre­­ka, Igoin-Benta-Txu­ri, Apa­rrain­so­ro, Apa­rrain­­soro-Er­kaitz-Aparrain, Santa Barbara eta Ereñotzuko maldan aritu gara. Eta Zuhaitz Egunak 25 urte bete zituenean, Karo­bie­tan landatu genituen». Urte hori berezia izan zela diote.

Udalaren lurretan
Esan bezala, 1974tik, Udalak antolatzen du Zuhaitz Eguna eta zuhai­tzak landatzen diren lurrak bereak dira. 2010etik aurrera, haurrek eta helduek elkarrekin ospatzea erabaki zuen, gastuak gutxitzeko eta ideia polita iruditu zitzaiolako de­nak elkarrekin aritzea. Horrez gain, Pi­ka­beak azaldu du lursaila mugatua dela eta elkarrekin eginda errazagoa dela Udalarentzat. Bestalde, Udala saiatzen da haurrak erraz iristeko lekuak aukera­tzen. Apa­rrainen badu lursail egokia beste bi urtetarako.

Bertako zuhaitz motak
Landatu diren zuhaitz motak antzekoak izan dira urte hauetan. «Garrantzitsuena bertako espeziea izatea da», azaldu diote Kronikari laurek. «Normalean, gaztaina, pagoa, haritza eta gerezia aldatu izan ditugu. Tarteka, intxaurrak, lizarrak... Aginak ere aldatu izan ditugu eta urte batean desagertu egin ziren. Sagar makatza ere bai, eta berdina gertatu zen; eraman egin zituzten».

Ataungo landareak, 70 atxur eta 200 lagun
Hasierako urteetan, Diputa­zioa­ren haztegitik hartzen ziren zuhaitz landareak, baina kalitate kaxkar xamarra zutenez, Ataundik ekartzen hasi zen Aranburu. Gaur egun ere, Pikabeak Ataundik ekartzen ditu. Pikabearen ardura da baita ere, lursaila prestatzea.
Zuhaitz Egunerako atxurrak Udalak jartzen ditu. Denera, 70 bat atxur daude. Atxurrak baino jende gehiago elkartzen denez Zuhaitz Egunean, taldeka banatu eta txandaka aritzen dira. Eguraldi onarekin, 200 lagunetik gora elkartu ohi dira.
Urte batzuetan, antolaketa aldetik «desastre xamar» ibili zirela gogoratzen dute Aran­bu­ruk eta Sanzek, eta Udala ume kopurua mugatzen hasi zen eskola bakoitzetik. «Tal­de bakoitzarentzat arduradun bat ere jartzea erabaki zen», diote. Gaur egun ere, 3, 4 eta 5garren mailakoentzat izaten da. Esko­la Kirolak egitasmoaren barru­an sartzen da eta asteburu ho­rre­tan, adin ho­rre­tako umeek ez du­te beste kirol jarduerarik izaten.

Hiru lan: basozainarena, Ereñotzuko taldearena eta Mendiriz Mendirena
Zuhaitz Eguna Udalak antolatzen du, baina hiru modutan jasotzen du laguntza: alde batetik, Pikabea basozaina da­go. Zuhaitz Egunerako lurra txukuntzeaz, zuloak egiteaz eta landareak erosteaz arduratzen da. «Lekuaren arabera da, baina gutxi gorabehera hilabete eta erdi lehenago hasten gara lurra prestatzen. Hiru lagun aritzen gara», dio.
Bes­te­tik, Ereño­tzu­ko taldea dago. Umeen bokadiloez ar­du­­ra­tzen da. «Lan haundia egin dute. Legarretaren an­drea, Dolox Miner eta orokorrean Miner­ta­rrak beti aritu dira lanean umeentzako bokadiloak prestatzen eta nahiz eta gaur egun ez den egiten, urte askotan helduentzako bazkaria ere prestatu izan dute Ur Mian», azpimarratu nahi izan dute.
Bukatzeko, Mendiriz Men­­di elkartea dago. Men­diriz Men­dik, Zuhaitz Eguna gida­tzen du eta laguntza ematen du bertan.

900 zuhaitz aldatuko dituzte gaur Aparrainen
Haritza, pagoa eta gaztainondoa landatuko dituzte. Umeentzat autobusa 09:30etan abiatuko da Biteritik. Helduak 08:00etan, Plazan.
zuhaitz Eguna Apa­rrai­nen egingo da gaur.  Ber­tan, 900 zuhaitz landare alda­tuko dituzte. Umeak, autobusez joango dira Ugalde­txoraino. Horreta­ra­ko hi­tzordua 09:30e­­tan jarri dute Elkano kalean, Biteri ondoan. Heldu­ak berriz oinez joango dira eta 08:00etan abiatuko dira Pla­zatik. Ibil­bidea: Plaza-Loidi-Lepatxi­ki-Saratsain-Bezkita-Ugal­de­txo-Apa­rrain. Itzule­rako autobusa 13:00ak inguruan izango da Ugalde­txon.

40 URTETAKO DATUAK
Urtea Lekua Zuhaitz kopurua Espezieak
1974 Epelerreka eta Aparrain 500 Intxaurrondoa, zumarra, haritz amerikarra, urkia.
1975 Epelerreka eta Aparrain (Azeri lepo)   Lizarra, pagoa.
1976 Epelerreka eta Hernani, Arano, Elduaien muga 450 Zumarra, urkia.
1977 Epelerreka eta Akola-Igoingo dolmenak 400 Intxaurrondoa, urkia, haritza.
1978 Aparrain    
1979 Aparrain eta Epelerreka 800 Haritz amerikarra, intxaurrondoa, urkia, platanoa, lizarra.
1980 Epelerreka    
1981 Epelerreka eta Agiña 900 Gaztainondoa, lizarra, intxaurrondoa, haritz amerikarra.
1982 Akola    
1983 Akola    
1984 Epelerreka    
1985 Epelerreka-Igoin 1000 Haritza, gereziondoa, gaztainondoa, lizarra, haltza.
1986 Epelerreka    
1987 Epelerreka    
1988 Usokoerreka    
1989 Usokoerreka    
1990 Usokoerreka    
1991 Usokoerreka    
1992 Epelerreka    
1993 Epelerreka eta Igoin   Haritza, gereziondoa, gaztainondoa, lizarra, haltza.
1994 Akola-Benta Txuri   Haritza, gaztainondoa, lizarra.
1995 Benta Txuri-Usokoerreka 2000 Gereziondoa, haritz amerikarra, bertako haritza, gaztainondoa, artea
1996 Ereñotzuko malda   Zumarra, astigarra, haltza, lizarra.
1997 Epelerreka   Urkia, lizarra.
1998 Epelerreka   Urkia.
1999 Karobieta parkea eta Akolako parkea   Pagoa, urkia, tulipa arbola, artea, gereziondoa, astigarra.
2000 Epelerreka   Pagoa, tulipa arbola.
2001 Aparrain 1300 Haritz amerikarra, urkia.
2002 Aparrain 800 Bertako haritza, haritz amerikarra, gaztainondoa, urkia, pagoa.
2003 Aparrain 500 Haritz amerikarra, pagoa, gaztainondoa.
2004 Aparrain 1000 Bertako haritza, haritz amerikarra, gereziondoa, lizarra.
2005 Aparrain 1000 Bertako haritza, lizarra, gereziondoa.
2006 Aparrain 1000 Bertako haritza, lizarra, gereziondoa.
2007 Aparrain 1000 Gaztainondoa, gereziondoa, pagoa, lizarra, haritza.
2008 Aparrain 1000 Pagoa.
2009 Aparrain 1500 Haritza, pagoa.
2010 Epelerreka 700 Lizarra, haltza, haritza.
2011 Epelerreka 500 Haritza, gereziondoa.
2012 Epelerreka 500 Urkia, haritza.
2013 Aparrain 900 Haritza, pagoa, gaztainondoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!