«Azken ikerketek frogatu dute erraustegien inguruko herrietan minbizi kasu gehiago azaltzen direla, eta bestelako gaitzak ere ugaldu egiten direla. Erraustegia egiteko mehatxua hor dago oraindik ordea, eta eskatzen dugu bukatutzat emateko, lehenbailehen, errauste planta egiteko proiektua». Zubieta inguruko hainbat herritako Alkateak elkartu ziren atzo Zubietako erreboteko frontoian, eta handik egin zieten eskaera erraustegiaren gainean ardura daukatenei, eta Gipuzkoako herritar guztiei. Bertan ziren Alkateak: Luis Intxauspe (Hernani), Mertxe Aizpurua (Usurbil), Pablo Barrio (Lasarte-Oria), Ana Carrere (Andoain), Andoni Gartzia (Astigarraga), Alazne Olaizola (Zubieta); eta beste bi ordezkari, Donostiatik Nora Galparsoro, eta Zubietako Herri Batzarreko kidea Joxeli Aroztegi.
«Eztabaida publikoan parte hartzera behartuta gaude»
Prentsaurrean adierazi zuten, behartuta sentitzen direla erraustegiaren inguruko eztabaidan parte hartzera. «Gure herritarrekiko dugun arduragatik, behartuta sentitzen gara erraustegiari buruzko eztabaida publikoan parte hartzera. Azken hilabeteotan erraustegia egiteko lanak geldirik egon dira, baina ez dugu mamua uxatzerik lortu».
Batez ere, azpimarratu zuten osasunarentzat kaltegarria dela erraustegia. «Hondakinak erretzea oso arriskutsua da osasunerako. Bat aipatzeagatik, Madrilgo Carlos III-ko ikerlariek orain gutxi esan dute, erraustegiak nabarmen haunditzen duela minbizia izateko arriskua inguruko herrietan. Gure herritarrek ez dute hori merezi. Inork ez du hori merezi. Beraz, erraustegirik ez; ez Zubietan, ez inon».