«Maila haundiko partiduak ikusiko ditugu datozen lau igandeetan»

Kronika - Erredakzioa 2013ko ots. 16a, 01:00

Krisia dela-eta, gero eta sariketa gutxiago eta partidu gutxiago dituzte pelotariek, eta horregatik antolatu du Pelotandendak sariketa hau. «Momentuko zortzi onentsuenak» direla dio Koro Barrene­txeak, eta lau igandez elkarren kontra ariko dira.

Maila haundiko pelotariak eta maila haundiko partiduak. Hori da Pelotadenda Sariak eskainiko duena datozen lau igandeetan. Emaku­mezkoen gomazko paleta txapelketa da, eta krisi garaian dator, beste hainbat sariketa desagertu direlako.

Hala dio Koro Barrene­txea Pelotadendako arduradunak: «Susana Muneta den­dara etorri zen batean galdetu nion: -Ze partidu dituzue orain? Eta erantzuna: -Orain ez dugu partidurik, ia udaberrira arte». Hori entzunda, Barrenetxeak dio pena haundia dela maila horretako pelotariak jokatu gabe egotea, eta erronka jarri ziola bere buruari. «Hasie­ran broman esan nion Mune­tari: -Igual antolatu beharko dut neronek, sariketaren bat! Eta geroztik, buruari bueltaka hasi, eta antolatzeraino!»

Zortzi onentsuenak; tartean, Amaia Irazustabarrena
Momentuko zortzi paletari onentsuenek jokatuko dute txapelketa. Amaia Etchelecu eta Amaia Serre iparraldekoak dira; Susana Muneta, Beatriz Andueza eta Maite Ruiz de Larramendi napa­rrak; eta Amaia Irazustaba­rre­na, Nagore Arozena eta Maider Mendizabal gipuzkoarrak. Denak mundialistak izandakoak dira, eta izugarri jokatzen dute pelotan.

Koro Barrenetxeak ondo ezagutzen ditu pelotari hauek, bera ere jokatutakoa baita haien kontra, orain erretiratua badago ere. «Sekulako maila daukate. Nere ustez, orain bi maila daude nabarmen, eta hauek koska bat gorago daude».

Behin batian Loiolan...
Anekdota ere kontatu dio Kronikari Barre­ne­txeak. «Loiolan urtero izaten da pala txapelketa, eta beti gizonezkoek jokatzen dute. Iaz, bi neska apuntatu ziren bigarren mailan jokatzera, eta gizonezkoei sekulako gerra eman zien. Partidu bat irabazi eta bestea juxtu galdu zuten».

Bikote parekatuak eta izena daukaten frontoietan
Bikoteak parekatu egin dituzte, horrela, partidu ederrak ikusteko. Gainera, frontoi eza­gunetan jokatuko dira ligillako partiduak: Tolosako Beotibarren (bihar), Hen­daiako Beltzenian, eta Iru­ñako Labriten. Finala, Herna­nin jokatuko da, Pelotadenda bertan baitago, eta emakumeen pelota eskolarik haundienetakoa ere bai. «Hernanin arrobi polita dago, eta nahi nuke pelotari gazte horiek beren herrian bertan ikustea, noraino iritsi daitezkeen».
Bi partidu jokatuko dira igandero, 11:00etan hasita, eta 30 tantora. Ikusleen artean zozketak egingo dira. 

I. Pelotadenda saria
Emakumezkoen gomazko paleta txapelketa


Tolosako Beotibar frontoia - otsailak 17 - 11:00

  • Etchelecu-Arozena / Irazustabarrena-Ruiz de Larramendi
  • Andueza-Mendizabal / Muneta-Serre

Hendaiako Beltzenia frontoia - otsailak 24 - 11:00

  • Muneta-Serre / Etchelecu-Arozena
  • Andueza-Mendizabal / Irazustabarrena-Ruiz de Larramendi

Iruñako Labrit frontoia - martxoak 3 - 11:00

  • Irazustabarrena-Ruiz de Larramendi / Muneta-Serre
  • Etchelecu-Arozena / Andueza-Mendizabal

Hernaniko udal kiroldegia - martxoak 10 - 11:00

  • 3.sailkatua / 4. sailkatua
  • 1. sailkatua / 2. sailkatua

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!