Hiru eguneko greba, Eguneko Zentroko eta Zaharren Egoitzako gaueko zerbitzuko langileek

Kronika - Erredakzioa 2013ko ots. 27a, 01:00

Gaur, bihar eta etzi greba egitera dei egin dute ELAk eta LABek, eta Adegiri eskatu diote Diputazioaren proposamena onartzeko. CCOOk eta UGTk ere greba deitu dute gaurko, baina aparte.

Hiru eguneko greba deitu dute ELA eta LAB sindikatuek gaur, bihar eta etzi, Gi­puzkoako Zaha­rren Egoi­tzetan eta Eguneko Zen­true­tan. CCOOk eta UGTk ere gaur greba deitu dute, baina aparte. Hernaniko kasuan 26 langile daude deituta grebara, Eguneko Zentruan ari diren denak, eta Zaharren Egoitzan gauez ari direnak. Hain zuzen ere, horiek dira subkontrata bidez lanean ari diren langileak, eta horiei ari dira Adegirekin akordio bat itxi nahian.


Adegi, Diputazioaren proposamena onartu edo ez onartu
Gipuzkoako Diputazioak bitartekari lanak egin ditu langile eta patronalaren artean, eta proposamen bat egin du langileen baldintzak ho­betzeko. 8,2 miloi euro eman­go dizkie enpresei, langileen baldintzak hobetzeko erabiltzen baditu. Adegik, hasieran ezezko borobila eman zion proposamen horri eta hargatik greba deitu dute sindikatuek. Atzo, ordea, beste komunikabide batzuk jakinarazi zuten Adegi proposamen hori onartzeko prest dagoela. Sindikatuek eutsi egin dio­te mobilizazio deialdiei: ELAk eta LABek kontzentrazioa eta manifestazioa egingo dituzte, gaur 11:30etan, Buen Pasto­rren. CCOOk eta UGTk kon­tzentrazioa egingo dute gaur, Adegiren aurrean. Sektore honetan 4.600 langile ari dira 5.500 pertsona zaintzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!