Pse-eek dioenez Udalak ekonomikoki lur-jota geratuko dira Gipuzkoako instituzioek banku eta enpresei ordaindu beharreko kalte ordainengatik. Hernaniko PSE-EEk prentsa oharra bidali du Kronikara, eta bertan esaten du Bilduk erabaki duela erraustegia ez egitea, eta horregatik 75 miloi euro ordaindu beharko direla kalte ordainetan. «Bilduk ekarri gaitu egoera honetara. Bankuekin egina geneukan kontratu finantzieroa hautsi du, eta orain haiek 50 miloi euro eskatzen dituzte, kalte ordainetan. Eraikuntza enpresek ere beste 24 miloi euro eskatu dituzte. Gipuzkoako Udalak arruinatu egingo dira, eta zergatik? Bilduk erabaki duelako Hondakinen Zentru Integrala ez dela egin behar».
«Dirua botatzea da,
eta ezertarako ez»
Hernaniko PSE-EEk garbi dauka, hondakinen arazoa ez dela erremediatuko erraustegia ez egitea erabakita. «Dirua botatzen ari gara, baina oraindik larriagoa da, ez dugula erremediatzen hondakinekin daukagun arazorik. Berriz hasieran geunden egoeran utziko gaitu. Txostenak idatzi, tramitatu eta onartu egin beharko dira, ingurugiro baimenak lortu ahal izateko. Bilduk gutxietsi egin du joan den legegintzaldian Batzar Orokorretan onartua. Hori dela eta, berriz ere Diputazioa eskuz aldatuko balitz, hutsetik hasi beharko litzateke, eta pentsa hori ze denboragaltze eta dirugaltze litzatekeen».
Txingudiko Mankomunitatea, «klabea»
Hondakinen Kontsortzioan hainbat mankomunitate daude, baina Txingudikoa ez. PSE-EEk salatu du Bilduk gehiengoa daukala Kontsortzioan, eta ez diola Txingudiri sartzen utzi nahi, gehiengo hori galduko lukeelako. «Kontsortzioari eskatu behar zaio uzteko Txingudiri ere bertan sartzen, Gipuzkoako Mankomunitate guztiak bertan egon daitezen; gaur egun ez baitaude».