‘Heldu’ dokumentala ikusgai bihar, euskal emakumeen lana gogoan

Kronika - Erredakzioa 2013ko ots. 24a, 01:00

Korrika kulturalaren barruan, hiru ekitaldi izango dira datorren astean. Horrez gain, egunero Korrika erakusketa izango da Biterin.

Heldu izan zen Korrika 15aren leloa 2007an; herriari, hitzari, elkarlanari, euskerari eta lekukoari heltzeko konpromisoa eskatu zuena. Euskal emakumeak izan ziren omenduak, euskera, belaunaldiz belaunaldi, gorde eta transmititzeko egin duten lanagatik. Hori guztia bilduz, Heldu izeneko dokumentala egin zen eta dokumental hori ikusteko aukera izango da bihar 19:30etan, Biterin. Korrika girotzeko, ekintza ezberdinak antolatu ditu AEKk herriko talde ezberdinen laguntzarekin eta biharko dokumentala Txoko Feminis­taren eskutik izango da.

Musika saioa, asteazkenean
Musika saio ederra eskainiko dute asteazkenean hernaniko lau artistek. Artista horiek izango dira: Ania eta Morau, Ane Galardi eta Nerea Berrotaran. Arratsaldeko 19:00etan izango da Biterin.

Ostiralean, hitzaldia
Espetxeetan euskera ikasteari buruz hitzaldia emango du Rikardo Mendiolak, ostiralean. Arratsaldeko 19:00etan izango da Biterin. Hitzaldia Herrirak antolatu du.

Erakusketa, egunero
Ekitaldi horiez gain, Korrika erakusketa ikusgai izango da Biterin. Astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara eta larunbatetan, 11:00etatik 13:00etara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!