Urrutira joan gabe, haur eta adinekoentzako ibilbide aproposa

Kronika - Erredakzioa 2013ko ots. 24a, 01:00

Hernaniko Udalak ibilbide berri bat prestatu du Hernaniko parke eta plazak zeharkatzen dituena. 6km-ko ibilbidea da eta 17 parke eta plaza zeharkatzen ditu. Udalak bi helburu ditu: «bertakoei ibilbide lasai bat egiteko aukera ematea eta txotx garaian etortzen direnei, tabernetako giroaz gain, beste zerbait eskaintzea».

Agustindarren plazatik abiatu eta Hernaniko gainerako plaza eta parkeak zeharkatuz, 6km-ko ibilbide lasaia prestatu du Hernaniko Udalak. Denera, herriko 17 parke eta plaza zeharkatzen ditu ibilbideak. Turismo informazio bu­le­goan eskuratu daiteke mapa. Otsaila hasieran eman zuen ibilbide honen berri Udalak eta turismo planaren barruan jarri bada ere mar­txan, herritarrei begira egindako proiektua dela azpimarratu du Luis Intxauspe alkateak: «mugikortasuna, zahar­tza­roa, turismoa... arlo ezberdinak hartu dira kontuan». Izan ere, bi helburu ditu Udalak: «Alde batetik, bertakoei paseotxo bat emateko aukera eskaini nahi zaie, nahiz eta gehienek inguru horiek ezagutu. Adinekoen­tzat, esaterako, oso aproposa da, dena laua baita. Bestetik, txotx garaian autobusean etorri ohi direnentzat ere egokia izan daitekeela iruditzen zaigu. Ordu asko izaten dituzte libre eta askori ez zaie gustatzen denbora guztian tabernetan ibiltzea. Urrutira joan gabe, aukera ederra ematen du ibilbide honek, baita umeekin egiteko ere».

Ibilbidean zehar, intereseko zuhaiztiak, ondare historikoa...
Ibilbidearen mapan argi azaltzen dira ibilbidean zehar ikusi daitezkeen elementuak: intereseko zuhaiztiak, ondare historikoko elementuak, haur jolasen gunea, kirol eremuak, bista panoramikoa...

17 parke eta plazak
- Agustindarren plaza
- Pana parkea
- Goiz Eguzki parkea
- Gudarien plaza
- Tiloseta pasealekua
- Plaza Berri
- Atsegindegi plaza
- Latsunbeko parkea
- Karobieta parkea
- Atarrabio parkea
- Nere Borda parke botanikoa
- Mendi Mendian parkea eta igerilekua
- Iturmendi parkea
- Politena parkea
- Antziola Berriko parkea
- Bidebieta plaza
- Ave Maria parkea

Agustindarren plazatik, Agustindarren plazara
Ibilbidea Agustindarren plazatik abiatzen da. Bertatik Pana parkerako bidea hartuko dugu. Parkea zeharkatu ondoren, igogailua hartu eta Atzieta kalera igoko gara. Atzieta kaletik jarraituz, Goiz Eguzkiko parkera iritsiko gara. Bertan, intereseko zuhaiztiarekin egingo dugu topo, besteak beste, Ginkgo biloba   zaharra ikusiko dugu. Pista panoramikoaz gozatzeko aukera ere bada bertan.
Ondoren, Gudarien plazarako bidea egingo dugu. Bertan, udaletxea eta eliza ikusteko aukera dago, ondare historikoko bi elementu. Tiloseta pasealekutik jarraituz, Urbieta kalera iritsiko gara. Urbieta kalea zuzen jarraituz, Atsegindegi plaza, Latsunbeko parkea eta Karobieta parkea zeharkatuko ditugu. Handik, Atarrabio parkera iritsiko gara. Erro­tondaren ezkerraldetik jarraituz, Nere Borda parke botanikoan sartuko gara eta ondoren, Latsunbetik Antziolara doan bidea eginez, Mendi Mendian parkera iritsiko gara eta bertatik Iturmendi parke berrira. Bista panoramiko ederra dago bertan.
Sagastiyatik Etxeberrirako paseoan segiz, Politena parkera joango gara. Bertatik, Florida kalea hartu eta Atletismo pistara iritsiko gara, Antziola Berriko parkera, hain zuzen. Handik berriz, Bidebieta plaza pasa eta Ave Maria parkean sartuko gara. Bukatzeko, Latsunbe kaleari jarraitzea besterik ez dugu izango, Agustindarren plazara bueltatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!