Zukua ondo atera arte egin zuten korrika atzo, Sagar Lasterra lasterketako VII. edizio honetan parte hartu zuten korrikalariek. Inoiz baino jendestuagoa izan zen lasterketa; 370 korrikalari inguruk eman zuten izena. Horietatik, 339 iritsi ziren helmugara (iaz, 289). Hernaniarrak ere ez ziren gutxi izan: 113, guztira.
Bukatu arte borrokan
Atzoko lasterketan ez zen emoziorik falta izan. Inoiz baino parte hartzaile gehiago zegoela-eta, antolatzaileek ezin izan zituzten korrikalari guztiak bide zuzenetik bideratu, eta bat edo beste galdu egin zela aipatu zuten. Bestalde, helmugan ikuskizun paregabea eman zuten Eneko Garinek eta Unai Señoranek, lehenengo postua lortzeko ahaleginean esprint ederra egin baitzuten. Azkenean, Eneko Garin izan zen lehenengoa (0:29:09), billabonatarra; Unai Sañoran irurarra bigarrena, eta Ibai Alba hernaniarra hirugarrena. Nesken artean, Claudia Behobidek irabazi zuen, lehengo urteko denbora 8 segundu hobetuta (0:34:48); Uxoa Irigoien getariarra izan zen bigarrena; eta Eider Gorostegi donostiarra hirugarrena. Beteranoen artean, ondorengoak igo ziren podiumera: Victor Madejon (Irun), Imanol Oiarbide (Ordizia), eta Ibon Iriondo (Hernani) mutiletan; eta Maria Mendibe (Lasarte-Oria), Alejandra Goikoetxea (Hondarribia), eta Irene Osa (Hernani), nesketan.