Eguneko Zentroa, menpekotasuna duten adinekoei zuzendua dago, baina oraindik beren etxeetan bizitzeko moduan dauden adinekoak dira. Goizean joaten dira eta zentroan bertan ematen zaie gosaria, bazkaria eta afaria. Ekintza ezberdinak ere egiten dituzte. Horrez gain, beste hainbat zerbitzu ere badituzte: pelukeria, podologia, fisioterapia... Astean behin, dutxatu egiten dituzte. «Behar dituzten zaintza guztiak ematen zaizkie, baita medikamentuak ere. Pertsona helduei ematen zaie zaintza, baina familiengan pentsatua dago. Pertsona hori ondo atenditua dago eta familiak deskantsatzeko aukera dauka. Zerbitzurik eskertuena da. Oso ondo funtzionatzen ari da. Adinekoak konturatzen dira lehen egiten ez zituzten gauzak egiten dituztela, aktiboagoak direla... Eta horrez gain, familiak deskantsatu egiten du. Zerbitzu honen bidez laguntzen da adinekoak ahalik eta denbora gehien etxean egotea, Zaharren Egoitza batera joan aurretik», azaldu zuen Inma Lopetegik.
14 edo 7 euro, eguneko
Urteak aurrera joan ahala haunditu egin da Eguneko Zentroa eta egun, 60 pertsona joaten dira eguna pasatzera, astelehenetik ostiralera. Gainera, gaur egun ez dago inor plaza baten zain. Larunbat, igande eta jai egunetan 18 pertsona joaten dira Eguneko Zentrora.
Zaharren Egoitzan bezala, psikologoak azterketa egiten dio adineko bakoitzari eta egiten duen balorazioaren arabera, talde batera edo bestera bideratzen du.
Eguneko Zentroa Diputazioaren eskumena da. eta berak jartzen du prezioa. Pertsona bakoitzak 14 euro ordaindu behar ditu eguneko. Errenta minimoa dutenen kasuan izango da horrela, eta bajuagoa den kasuan, 7 euro ordaindu beharko dituzte.
Eta ez badute joan nahi?
«Guk askotan eskatzen diegu familiei kabezerako medikuarekin hitz egiteko eta medikuak esan diezaiola, gomendatu diezaiola Eguneko Zentrora joatea. Errazago egiten dute kasu. Gainera, 15 egun edo aste beteko proba egin dezakete eta gero erabaki. Izan ere, proba egin gabe ezin da jakin.
Askok, hasieran pentsatzen dute: `hemen utzi naute, abandonatu egin naute´, baina denborarekin ikusten dute entretenitua dela Eguneko Zentrora joatea, gauzak egiten dituztela eta gainera, etxera bueltatzen direla. Kasu askotan, asteburuetan aspertu egiten dira, ezer egitekorik ez dutelako. Astelehena noiz etorriko zain egoten dira».