Etxean moldatu ezin denerako: Zaharren Egoitza, Eguneko Zentroa...

Kronika - Erredakzioa 2013ko ots. 23a, 01:00

Ongintzak eta Goiz Eguzki jubilatu etxeak hitzaldia antolatu zuten otsailaren 15ean. Adinekoentzako bizilekuei buruz aritu ziren Inma Lopetegi eta Antton Aizkorreta Ongintzako langileak; hain zuzen, Zaharren Egoitza, apartamendu tutelatuak eta Eguneko Zentroari buruz. Bizileku horien funtzionamenduaren berri eman zuten eta horietan bizitzeko bete behar diren baldintzen berri. Zalantzak argitzeko aukera ere izan zen. Bertan, 85 herritar inguru elkartu ziren.

Noiz da Zaharren Egoitzara edo Eguneko Zentrora joateko garaia? Zer egin daiteke adineko pertsona horrek zentrora joan nahi ez badu? Zenbat eta zeren arabera ordaintzen da? Etxea baldin baduzu, baina ez bada egokia, aukerarik ba al duzu apartamendu tutelatu bat lortzeko?
 Halako zalantzak eta galderak argitu zituzten Inma Lopetegi eta Antton Aizko­rre­ta Ongintzako langileek, otsailaren 15ean. Ongintzak eta Goiz Eguzki jubilatu etxeak hitzaldia antolatu zuten. Adinekoentzako bizilekuei buruz aritu ziren, hala nola, Zaharren Egoitza, apartamendu tutelatuak eta Egune­ko Zentroari buruz. Ongintzako langileek argi azaldu zuten, onena etxean bizitzea dela eta hori posible ez den kasuetarako daudela Zaharren Egoitza, eta horren aurretik, Eguneko Zentroa.

114 oheak, okupatuta
 Gaur egun, 114 pertsona daude Zaharren Egoitzan eta ohe guztiak okupatuta daude. 111 plaza Gipuzkoako Foru Aldundiak kontzertatuta dira eta bere eskumena dira. Beste hirurak Udalaren esku daude. Berez, kasu bereziak dira eta helburua da, Diputazioak bere gain har­tzea. Tramiteetan dabiltza. Hernaniko egoitzan sartzeko jendea zain dago, baina lekua badago, beste egoitzetan. Urgentzia izanez gero, aukera dago beste herri bateko egoitzan sartu eta gerora, leku aldaketa egiteko. Hernaniko Zaharren Egoi­tzak hiru pisu ditu, eraikineko lehenengo hirurak. Pisu bakoi­tzerako arduradun bat dago.

Pertsona batek behar duen atentzio guztia
 Medikua ere badago Zaha­rren Egoitzan. Osakidetzakoa da eta egunero joaten da 08:30etatik 12:00etara. Erizai­nak, be­rriz, 24 ordutan egoten dira. Ho­riez gain, psikologoa, gi­zar­te laguntzailea, podologoa, fisioterapeuta… daude. Eta bes­­te hainbat zerbitzu ere es­kaintzen dira: farmazia, pe­lu­keria… Ekintza ezberdinak ere egiten dituzte: gimnasia, bingoa... «Dena da­go bertan, pertsona batek behar duen atentzio guztia», azaldu zuen Lopetegik. Adi­ne­ko pertsona horri arropa garbitzen diote, dutxatu egiten dute, pixoihalak alda­tzen dizkiote, zaindu egiten du­te… «Hori bai, Ospi­ta­lera ez du­gu laguntzen. Ate­tik kan­po­ko eginbeharrak gu­re es­ku­­­menetatik kanpo ge­ra­tzen dira. Horrez gain, guk ezin du­gu eman senideen ka­riñoa. Ho­rregatik eskatzen die­gu fa­miliei ondo antolatzeko be­rai­en artean eta txandaka ho­­na etortzeko», gaineratu zuen. Adinekoak bertara egoki­tzeko, 20 egun edo hilabete hartzen dituzte kontuan. On­do­ren, psikologoak balorazioa egiten du. Adinekoa­ren gaitasunaren arabera, talde batera edo bestera bideratuko du.

Pentsioa minimoa denean, %85a ordaindu
 Zaharren Egoitzan sartzeko, Diputazioak jartzen ditu baldintzak. Besteak beste, adineko horiek (65 urte edo gehiago), menpekotasunen bat edo ezintasunen bat izan behar dute. Horrez gain, gutxienez 2 urtez Hernanin erroldatuta egon behar dute. Kostuari dagokionez, Di­pu­tazioak erabakitzen du per­tsona bakoitzak zenbat or­dain­du behar duen. Berez, kostua, 66 euro dira eguneko, hau da, 2.000 euro hilean. Dena dela, denek ezin dute hori ordaindu, horregatik Di­pu­tazioak aztertu egiten ditu bakoitzaren diru sarrerak eta ondasunak. «Per­tsona horren pentsioa minimoa baldin ba­da, pentsio horren %85 bakarrik erabiliko du Diputa­zioak egoitza ordaintzeko eta %15a bere gastuetarako utziko dio. Pertsona horrek ezer ez daukan kasuan, Dipu­ta­zioak or­dain­duko du. Zerbait aurreztua dutenek, berriz, be­rez­ko prezioa ordaindu beharko dute. Diputazioak ordainaraziko dio 3.000 eurorekin geratu arte. Handik aurrera, pentsioarekin hasiko da, %85 ordainduz», argitu zuen Lopetegik. Eta hala jarraitu zuen: «Diputazioak errespetatzen di­tu bi gauza: aurreztutako di­rua­ren artetik 3.000 euro uztea eta etxebizitza bat dagoen kasuan, hori ez uki­tzea. Beste guztia bai hartzen du: bigarren etxebizitza bat, lursailak… Di­ru asko daukanak ordaindu egin beharko du, Diputazioa­ren filosofia hori da. Denentzat atentzioa berdina da, diru gehiago izan edo gutxiago izan. Oraingoz horrela funtzionatzen du Gipuz­koan, Bizkai­an etxebizitza ere kendu egiten dute». Zer gertatzen da etxebizi­tza hori alokairuan jartzen denean? «Diru iturri bat gehiago bezala hartzen du kontuan Diputazioak. Etxea saltzen bada ere bai».

Etxe batean, Udalaren babesarekin
Santa Maria Magdalena eraikinean, Udalak 12 apartamendu tutelatu dauzka, indibidualak. Horiek, etxe batek dituen zerbitzu guztiak di­tuz­te: sukaldea, ohea, jantokia, komuna... eta bertan bizi diren adinekoak nahi dutenean sartu eta atera daitezke. «Beraz, adinekoek beharrak asetuta dituzte eta horrez gain, Uda­la­ren babesa dute», azpima­rratu zuen Lopetegik. Jantokia izan arren, gehienak jantoki sozialera joaten dira. Garbiketa zerbi­tzua ere badute, eta emergentzietarako botoi bat. Apartamendu guztiak beteta daude. Jendea badago zain, baina 4-5 dira.

Pentsio alturik ez, ez etxebizitzarik
Apartamendu tutelatuetan sartzeko, adinekoak autonomoa izan behar du eta gu­txienez bi urtez Hernanin erroldatuta egon behar du. Ezin du pentsio altua izan, ez etxebizitzarik, ez beste ondasunik. «Gero eta gehiago dira etxerik gabe dauden pertsona helduak eta horiei irtenbidea eman nahi zaie», azaldu zuen Lopetegik. Prezioa, diru sarreraren arabera ezartzen du Udalak. Diru sarrera, ezarrita dagoen kopuru minimoa bada edo gehiago, %30 ordainduko du. Diru sarrerak txikiagoak badira, %20 edo %10 ordainduko du. Jantoki sozialean jaten dutenek, hori aparte ordain­tzen dute. Eguneko 3,65 euro ordaintzen dute. Apartamendu horiez gain, hiru gela dituzten etxeak dauzka Udalak; 5 etxe hain zuzen. Oraindik proiektua da, baina asmoa da etxe horietan elkarrekin bizitzen jartzea pertsona bat baino gehiago. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!