«Orain dexente lantzen ditugu sare sozialak; asko, seme-alabengatik etortzen dira»

Kronika - Erredakzioa 2013ko ots. 23a, 01:00

Hernaniko KZguneak 10 urte beteko ditu azaroan. Urteurrena aprobetxatuz, salto berria eman du KZguneak aurten; bere zentrua software librera migratu du. Horrez gain, ikastaro gehiago jarri dituzte martxan. Guztiaren berri eman diote Kronikari Patxi Martinez eta Alfonso Cea KZguneko arduradunek.

Hernaniko KZguneak 10 urte betetzen ditu aurten. Urteurrena­rekin batera, salto berria eman duzue, Windows-etik KZnux-era, software librera pasa zarete.
 KZguneak sortutako sistema eragile berria da, librea, Linuxeko Ubuntu distribu­zio­an oinarritua. Orain ez gaude lizentzien menpe. Hau da, Windows-ak bezalako auke­rak ematen dizkigu ordenado­rea erabiltzeko ordu­an, baina horrez gain, aukera dugu arazoren bat izanez gero, guk konpontze­ko. Erabiltzaileak aukera du analizatze­ko, modi­fikatzeko, distri­buitze­ko eta kopiatzeko. Gainera, doakoa da eta horrek abantaila ekonomiko­ak ere baditu. Herri bakoi­tzak bataz beste, 10 ordenadore izango ditu eta ordenadore bakoitzean Win­dows instalatu behar baldin baduzu... Pentsa! Horrez gain, birusik ez dago eta programak instalatzeko orduan ez dizu arazorik ematen. Eta birusik ez dagoenez, ez duzu antibirusik behar.

Hernanitik, bertatik sortutako proiektua da, baina zabaltzen ari zarete.
Bai, iaz proba moduan he­men erabili genuen eta iku­sita ondo dabilela, Gipuzko­an, Araban eta Bizkaian zabaltzen hasi gara. Gipuz­koa mailan, Orion, Deban, Arrasaten, Lasarten, Mutri­kun... dagoeneko jarri dute.

Erabiltzaileek nabaritzen al dute aldaketarik? Ondo moldatzen al dira?
Ikonoak aldatzen dira, pan­tailan azaltzen diren pro­gra­men irudiak ez dira berdinak, baina erabilera bai. Aukera berdina duzu eta gure erabiltzaileak oso ondo moldatzen ari dira. Berdin berdin nabegatu dezakezu, dokumentuak idatzi...

10 urte hauetan, nola aldatu da KZgunea?
10 urtetan, 3 fase izan ditu KZguneak. Hasierako hiruz­pa­lau urtetan, Alfabeti­zazio digitala egin zen. Jendeari eskaini zitzaion informatika mundura sartzeko zerbitzua, orokorrean. Bigarren fasean, Adminis­tra­zio digitala landu genuen. Zerbitzu publikoetako tra­miteak internetez nola egin erakutsi genuen. Orain, hirugarren fase honetan, software librera pasa gara.

Ze helbururekin jarri zen martxan?
 Gainerako herrietan bezala, Eusko Jaurlaritzak jarri zuen martxan, garai hartan zegoen `hutsune digitala´ zela eta. Gazteek ordenadoreak erabil­tzen ikasten zuten eskoletan, eta zaharrek ez zuten garai hori bizi. Baina tartean baziren hain zaharrak ez zirenak, 40 urte ingurukoak eta ideiarik ez zutenak. Horiei zuzenduta jarri zen martxan. Eta gaur egun ere, formakuntzara etortzen diren gehienak 40 urte inguru edo gehiagokoak dira.

Jendeak gustora hartu al zuen?
Jendeak oso gustora hartu zuen zerbitzu hau eta aurre­neko bi urteak oso gogorrak izan ziren. Jende asko etor­tzen zen. KZgunea martxan da­goenetik, 3200 erabiltzaile­tik gora izan ditugu hemen eta lehenengo urte eta erdian, 1000 erabiltzaile izan geni­tuen.

Ikastaro ezberdinak ematen dituzue, zein da arrakasta gehien duena?
Oinarrizko internet ikastaro­an ibiltzen da jende gehiena. Hilabetean 15 bat ikasle etortzen dira oinarrizko ikastarora. Interneten ibiltze­ra berriz, egunero 50 bat etortzen dira. Eta oinarrizko ikastaroaz gain, orain dexente lantzen ditugu sare sozialak: facebook, twitter... Askok etxetik ezagu­tzen dute, seme-alabei entzun­da, eta batzuk beldurrez etor­tzen dira, ez dakitelako zer diren eta kezkatuta daudelako seme-alabengatik. Hemen eza­gutu egiten dute eta orduan ikusten dute kezkatu behar duten ala ez. Bestalde, hemen ikastaro­ren bat jaso duena, normale­an, saiatzen da eboluziona­tzen. Jakinmin hori badute gauza berriak ikasten joateko.

 KZguneko erabiltzaile izateko zer egin behar da? Hernaniarra izan behar al da? Inskripzio orria betetzea nahikoa da eta berdin du nongoa izan. Hernaniar batek ere badauka beste herri bateko KZgunea erabiltzeko aukera. Hona gainera, Asti­ga­rragako eta Urnietako jen­de asko etortzen da, besteak beste. Izan ere, Astigarragan ez dute egunero irekitzen KZgunea eta Urnietan goizez edo arratsaldez egoten da irekia. Hemen, berriz, goizez eta arratsaldez. Egia esan, KZgunea oso aukera ona da. Formakuntza jasotzeko aukera daukazu eta ikastaroa bukatzean, gu hemen gaude laguntzeko. Eta dena dohainik da.

2010etik, IKT aholkularitza zerbitzua ere eskaintzen duzue. Zer moduz funtzionatzen du?
Oso ondo, jende asko etor­tzen da aholkuak eskatzera eta zalantzak argitzera. Izan ere, aholkuak ematen ditut mikro­informatikari buruz oro­korre­an, ez bakarrik ordenadoreei buruz. Hau da, kamarei buruz, tabletei buruz... Asko eskertzen den zerbitzua da. Jende asko etorri izan zait, esaterako, Poliziaren birusa deiturikoarekin, edo antibi­rus faltsuak direla eta... Inter­neta ze konpaniarekin kon­tra­ta­tzea komeni den ere galdetzen didate. Hori bai, hau ez da konponketa leku bat, laguntza emateko zerbitzu bat da. 


Sei ikastaro aukeran

- Oinarrizko internet ikastaroa (20 ordu): internet erabiltzen ika­si, PC bat zer den ezagutu, posta elektronikoa erabiltzen ikasi...

- e-Administrazioa (20 ordu): Administrazio publikoko tramiteak internetez nola egin.

- Sare sozialak (14 ordu): Facebook, Twitter, Dilicious, YouTube... 

- Software librea (12 ordu): zer den, betebeharrak, onurak eta eragozpenak, lizentzia motak... KZnux sistemarako sarrera.

- Irudia eta soinua (14 ordu): xormena askatu GIMP, Audacity eta bestelako tresnak erabiliz.

- Google apps (14 ordu): zure antolaketa pertsonala edo enpresakoa erraztuko dizkizuten Google tresnak zeintzuk diren ikas ezazu.

Ikastaro guztiak doakoak dira, ia bi asteko iraupena dute, eta erabiltzaileek, ondoen egokitzen zaien ordutegia aukeratu dezakete.


Informazio gehiago:

- KZgunea, Biterin.

- www.kzgunea.net.

- 943 02 36 50.

Ordutegia: astelehenetik, ostiralera, 09:00-13:00 eta 16:00-20:00.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!