Partidu polita izango da biharkoa, eta giroa, ezinhobea. Pasa den asteburuan El Salvadorren aurka irabazita, indarberrituta joango dira hernaniarrak Ordiziara. Hala ere, norgehiagoka bizia espero da, ordiziarrak Santboianaren aurka jasotako jipoiari buelta emateko gogo biziz aterako baitira zelaira. Gainera, ordiziarrek 17 puntuko aldea atera zieten hernaniarrei azaroan, derbia Landaren jokatu zenean. Partidua Ordiziako Altamira zelaian izango da, arratsaldeko 16:00etan. Hernanin egin zen bezala, egun osoko festa ere antolatu dute, gipuzkoarren arteko derbia eta Gipuzkoako Kopa lortzeko partidua girotzeko. Beharko, espero bezain eguraldi hotza egingo badu!
Txaranga, bazkaria, pintxo-potea eta festa giroa
Ordiziarrak Hernanin izan ziren azaroan, eta jai polita prestatu zen orduan herrian. Oraingoan, gauza bera egin nahi dute Ordizian, eta zaletu asko gerturatzea espero dute. Hernaniarren eta ordiziarren artean elkartasun giroa zabaltzea da asmoa. Eguerdiko 13:00ean Burrunbazale txaranga aterako da herriko kaleetan barrena giroa piztera. 14:00etan berriz, bazkaria egingo da Altamirako zelaiaren ondoan; haragi gixatua patatekin eta edaria, 3 eurotan. Derbia berriz, arratsaldeko 16:00etan hasiko da, eta partiduan zehar zozketaren bat ere egingo da. Egunarekin bukatzeko, arratsaldeko 18:00etan pintxo-potea egingo da, eta 20:00ak aldera, kale-jira.