Zazpigarren aldiz Sagar Lasterra herri krosa jokatuko da gaur Hernanin, sagardoaren denboraldiko herri lasterketa, eta festa haundia. Ia 9 kilometroko lasterketa da, sagardoaren lurraldean barrena egingo dena, hasi Ibarluzetik eta kiroldegira. Atletismo taldeak antolatzen du lasterketa, eta arrakasta gero eta haundiagoa ari da izaten urtez urte. Iaz marka guztiak hautsi ziren, 289 lagunek bukatu baitzuten proba, eta aurten 370 lagunek jadanik eman dute izena. Gaur oraindik apuntatu liteke. Sagar Lasterra antolatzen lagundu dutenak: Udal Kiroldegia, CD Hernani, Hernaniko sagardogileak, Berriak elkartea, Arraun elkartea, AMR eta Insalus.
Sagarra eta sagardoaren festa
Txotx denboraldian bete-betean sartuta dago Hernani, eta festa giro horren erakusle da kirol proba jendetsu hau. Sagarra eta sagardoaren lurraldean sartuko dira erabat korrikalariak, eta sagardotegi gehien dituen auzoan barrena pasako dira, sagasti artean, eta paraje ederretan.
Ibai Alba eta
Claudia Behobide, faborito
Aurten ere atleta herrikoi mordoxka izango da Sagar Lasterran, baina badira denbora egitera eta podiumaren bila datozenak ere. Claudia Behobide hor izango da, adibidez, azken hiru jardunaldiak irabazi dituena. Mutiletan ez da etorriko Sergio Roman, lau aldiz irabazle izan dena, eta errekorraren jabea (27:55 denbora egin zuen 2010ean). Hala ere, izen onak badira tartean; besteak beste, Ibai Alba, 2011n bigarren postuan izan zena. Eta seguru, beste hainbat eta hainbat ere izango direla.
Irteera Ibarluzetik,
eta autobusa kiroldegitik
Goizeko 11:00etan hasiko da proba, Ibarluze poligonotik abiatuta. Ibarluzera joateko autobusak jarri ditu antolakuntzak. Kiroldegitik aterako dira autobusak, 10:10etan eta 10:30etan.
Gaur aukera izango da izena emateko, goizeko 09:00etatik 10:30etara, 15 euroan, kiroldegi aurrean. Txipak eta dortsalak ere han jaso beharko dira.