Otsailaren 27, 28 eta martxoaren 1ean greba egingo dute Zaharren Egoitzetako eta Eguneko Zentroetako hainbat langilek, Adegik ezezkoa eman diolako lan-hitzarmena berritzeko Diputazioak egindako proposamenari. ELA, CCOO, LAB eta UGTk dei egiten dute mobilizazio hauetan parte hartzera, ELAren esanetan, «lurraldeko hitzarmena berritzeko eta langileen baldintzak hobetzeko momentu historikoa delako». Hernaniko Eguneko Zentroko langileek adierazi dute batzuk sindikatuekin biltzen aritu direla, eta greba egiteko asmoa dutela.
Elkarrizketak blokeatuta
Adegi eta sindikatuek osatutako negoziazio mahaiaren asmoa zen lan-hitzarmena berritzea, Zaharren Egoitzetako eta Eguneko Zentroetako azpikontratatutako langileen lan-baldintzak hobetzeko. Baina adostasunik lortzen ez zela-eta, Diputazioak proposamen bat egin zuen, «blokeoa askatzeko». Diputazioaren esanetan, «KPIaren igoerak (IPC) eragiten dituen gastuei aurre egiten laguntzeko, Diputazioak konpromiso ekonomiko bat hartu du Adegiko enpresekin, baina hauek langileen lan-baldintzak hobetzeko konpromisoa hartzearen truke». Adegik berriz, honakoa erantzun du: «Garai hauetan hobea da diru hori erabiltzea zentroetan 100 plaza gehiago eta 60 lanpostu berri sortzeko, kontuan izanda lurralde honetako lan-hitzarmena estatu espainiarreko onena dela».
Sindikatuek, mobilizazioak deitu dituzte
Diputazioaren esanetan, bere proposamenaren alde egin dute CCOO, ELA, LAB, eta UGT sindikatuek. Hain zuzen, proposamen horri babesa erakusteko eta Adegi sinatzera behartzeko, mobilizazioak deitu dituzte otsailaren 27 eta 28 eta martxoaren 1erako, CCOOk prentsa oharrez azaldutakoaren arabera. ELAk ere mobilizazioekin bat egingo duela adierazi du, eta uste du langile askok egingo dutela bat greba deialdiarekin. «Beti ere, zerbitzu minimoak betez, ez baitiogu utziko adinekoei merezi duten arreta eskaintzeari. ELAk negoziazio mahaiko %55a dauka, eta badakigu langile askok egingo dutela bat. Lehenengo aldiz Diputazioak onartu du azpikontratatutako langileak bere ardura direla, eta lehenengo aldiz, lan baldintzak hobetzeko erreforma aplikatzeko aukera historikoa daukagu. Ez dago negoziazioetara itzultzeko aukerarik. Adegik sinatu egin behar du». Era berean, ELAk dio Adegi Rajoyren lan erreformen aldekoa dela. «Eta ez zaio gustatu Diputazioak esatea emango duen dirua langileen lan-baldintzak hobetzeko izan behar dela. Baina Diputazioaren proposamena gure ustez oso ona da; Rajoyren erreformak gelditu eta baldintzak hobetzearen alde egiten du».