Prentsaurrekoa eman zuten, pasa den larunbatean, Karbonera etxeko kideek. Martxoaren 4an epaiketa izango dute, etxea desalojatu dezaten. Erabaki honen aurka eta Karbonerako proiektuari babesa erakusteko, herritar ugari bildu zen prentsaurrekoan.
Karbonerako kideek eskerrak eman nahi izan zizkieten beren babesa erakutsitako guztiei, eta azaldu zuten, datorren larunbatean, hilak 23, elkarretaratzea egingo dutela Karboneratik bertatik aterata, iluntzeko 20:00etan.
«Proiektuak eraiki eta etxebizitza duina izatea eskubideak dira»
Prentsaurrekoan azaldu zuten zein diren Karbonera etxeak eta Ikatza Liburuguneak asetzen dituzten beharrak. «Horrelako espazio baten beharra aldarrikatu nahi dugu; ez soilik etxebizitza beharra asetzen duelako, baizik eta herritarrok, guk geuk gestionatutako gune aske eta kritikoen beharra dugulako. Gure proiektuak eraiki eta etxebizitza duina izatea eskubideak direlako, eta eskubideak gauzatu egiten direlako okupatzen dugu».
Jasotako indarra eskertu
Era berean, «jasotako babesa eta indarra eskertu nahi» izan zituzten, «Hernaniko eta Euskal Herriko hainbat eragileren atxikimenduak lortu» baitituzte: «Txoko Fe-minista, AHTren Aurkako Asanblada, LAB, Herrira, Gazte Asanblada, Kaleratzeak Stop Gipuzkoa...».