Hernanik ez zion aukerarik eman atzo El Salvadorri. Oso partidu landua jokatu zuten etxekoek. Defentsan ondo aritu ziren, plakajeak eginez, eta aldeko aukerak ondo aprobetxatzen asmatu zuten. Talde guztiaren lana izan zen txalotzekoa eta horren emaitza, 8-3ko garaipena.
Lehenengo zatia 8-0, hernaniarrak aurretik zirela bukatu zen. Igor Genuak zigor kolpe bat egin zuen eta entsaio bat, ondoren. Bigarren zatian, 62garren minutuan, El Salvadorrek zigor kolpea egitea lortu zuen.
Hernanik behar beharrezkoa zuen garaipena eta El Salvador bezalako talde indartsu bati irabazteak indarra eman dio. Arnas pixka bat hartzeko aukera ere izan dezakete azkenaurreko postutik ihes eginda. Getxo eta Vigoren arabera izango da. Gaur dituzte partiduak.
Neskek, 10-17 galdu
Nesken taldeak Gaztediren aurka jokatu zuen atzo eta 10-17 galdu zuen. Partidu gogorra izan zen hernaniarrentzat. 15 jokalari juxturekin jokatu zuten partidua eta lehenengo zatian ondo eustea lortu bazuten ere, bigarren zatian lau jokalari erdi lesionaturekin bukatu zuten. Ligako azken partidua jokatuko dute datorren astean, Uribealdearen aurka, etxetik kanpo.