SpainSkills, Lanbide Heziketako Estatuko Txapelketan hartu zuten parte, asteburuan, Jokin Mujika eta Andoni Portillo hernaniarrek, estatu osoko beste 270 ikaslerekin batera. Elektronikan eta Ingeniaritza Mekanikako Diseinua-CADen aritu dira, hurrenez hurren, eta emaitza bikainak lortu dituzte. Mujikak gutxi falta izan du podiumera igotzeko, 4garren egin baitu. Andoni Portillok berriz, lehenengo postua lortu du, eta beraz, munduko Olinpiadetan jokatuko du, uztailean.
Espero al zenuen halakorik?
Sorpresa haundia izan da; ez nuen espero. Euskadikoa irabazi arren, ezin nuen jakin gainontzeko partaideen maila zein zen eta nola zebiltzan.
Nolakoak dira probak?
Egunero bat jartzen ziguten. Lehenengo, balbula bat eman ziguten, eta guk neurriak hartu eta honen plano bat egin behar genuen ordenagailuan. Bigarren egunean, planoa eman, eta horrekin piezak egin behar genituen ordenagailuan, eta animazio bat, nola funtzionatzen zuen ikusteko. Hirugarrenean, konjunto bat eman eta pieza bati neurria aldatzeko eskatu ziguten, gero, horren arabera, gainontzeko guztia moldatzeko. Eta azken egunean, grapadora bat egin behar izan genuen.
Lanean jo eta su hortaz! Esperientzia ona izan al da?
Egunero, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara aritu gara. Presio pixka bat izan dugu; eguneko proba bukatu eta hurrengo egunean zer egin beharko genuen begira... Baina jendea ezagutu dut, larunbatean festa ere izan genuen. Ederki ibili gara!
Eta udan, Munduko Olinpiadak jokatzera, Alemaniara...
Gustatuko litzaidake bai. Baina agian ez gara joango. Espainiak ez omen du dirurik jarriko, eta Euskadik jarri ezean, ezin izango dugu Leipzizera joan, WorldSkills-era. Esperoan gaude, ea zer gertatzen den. Espainiakoa ere ez zela egingo esan ziguten, eta begira!