Eguneko, 15 etxe-kaleratze prozesu jartzen dira martxan EAEn

Kronika - Erredakzioa 2013ko ots. 17a, 01:00

2012ko lehenengo sei hilabeteetako datuak eman zituen asteartean, Iker Apilanez, Gipuzkoako Kaleratzeak STOP Desahucios taldeko kideak. Gipuzkoan, 515 kaleratze egin dira denbora horretan; eguneko bi. Aste honetan, Herri Ekimen Legegilea tramitera onartu da Kongresuan, etxea kentzeak zorra kitatzeko balio dezan.

«Egungo Gobernuak hartutako neurriekin egoerari ez zaio bueltarik ematen», salatu zuen Iker Apilanez, Gipuz­koako Kaleratzeak STOP De­sahucios plataformako kideak, asteartean, Ikatza Liburu­gunean eman zuen hitzaldian. «Ekonomia suspertzeko ere ez dute ezer egin, eta panorama beltz daukagu. Baina ba­da argi puntu bat. 2010eko azaroan kaleratze bat geldi­tzea lortu zen lehenengo aldiz. 2011n, 100 gelditu ziren, eta iaz, 420. Gero eta jende gehiago ari da mobilizatzen, eta ge­ro eta kaleratze gehiago sa­hiesten dira, gizartearen presioari esker eta epaile ba­tzuk gaiarekiko sen­tsibilizazio haun­diagoa ager­tzen dutelako».


Krisia hasi zenetik, 420.000 familia daude kalean
2012ko lehenengo sei hilabeteetako datuak eman zituen asteazkeneko hitzaldian, Api­la­nezek, ez baitago datu berriagorik. Datu horien arabera, 94.503 etxe-kaleratze prozesu jarri dira martxan estatu espainiarrean. EAENn, berriz, 2.667 (eguneko, 15). Gipuzkoan 515 etxe-kaleratze prozesu jarri dira martxan denbora horretan, eguneko 2. 2008an krisia hasi zenetik, 420.000 familia geratu dira kalean, gutxi gorabehera, estatu espainiarrean. Hala ere, Apilanezek azaldu zuen kopuru hori jaisten ari dela, «gizartea egiten ari den presioari esker». Presio horrek ahalbidetzen du, hain zuzen, etxe-kaleratze prozesuak gelditu eta azkenean ez gauzatzea. Horregatik, azaldu zuen datuak ere ez direla guztiz finkoak. Izan ere, gauza bat da etxe-kaleratze prozesua martxan jartzea, hipoteka gauzatzea, alegia (ejecucion hipotecaria); eta bestea da, prozesua amaitzean epaileak berak familia etxetik kaleratzea erabakitzea, kaleratzea bera, alegia (orden de lanzamiento). Horregatik, datuak prozesua martxan jartzen denekoak dira, eta prozesuak ez dira beti kaleratzearekin bukatzen. Etorkizunak ordea, ez dirudi errazagoa. Izan ere, Api­lanezen esanetan, «langabezia gora egiten ari da, eta gero eta gehiago izango dira mailegua ordaindu ezin dutenak. Esti­mazio batzuk diote 2013rako estatuan %26ko langabezia tasa izango dela, eta horietatik erdiak, epe luzerako langabetuak izango direla».


Laguntza eskatu, arazoak izan baino lehen
Etxe bat erosten dugunean, hipoteka edo mailegua eska­tzen dugu bankuan, kasurik gehienetan, eta hori ordain­tze­ko zailtasunak sortzen di­renean, etxea galtzeko arris­kua dugu. Puntu horretara iri­tsi baino lehen, «hipoteka ordaintzeko arazoak izan di­tzakegula susmoa izan be­zain laster, etxe-kaleratzeen aurkako kolektiboarekin ha­rre­manetan jartzea» go­men­datzen du Iker Apilane­zek, «askotan, behin kalera­tze prozesua martxan jartzean, beranduegi izaten baita bankuarekin baldintzak ne­go­ziatzeko».


Etxe-kaleratze prozesua
Hipotekaren ordainketan hi­la­bete batez atzeratuz gero, etxe-kaleratze prozesua mar­txan jarri daiteke. Baina bankuek, normalean, hiru hilabetez atzeratu arte itxoiten dute. Bestalde, interesak bakarrik ordaintzeko aukera ematen zaie , bereziki, hilabetero diru-sarrera bera ez dutenei. Hala ere, atzerapen bakoitzeko, interesak ere igo egiten dira. Behin kaleratze-prozesua martxan jartzean, burofax bat iristen da etxera, eta 10 eguneko epea ematen da atzeratutako kuotak eta interesak ordaintzeko. Puntu honetara iritsita, zaila da negoziatzea, legeak bankuen alde egiten baitu. Horregatik dio Iker Apilanezek, «horretara iritsi baino lehen kolektiboari laguntza eskatzea komeni da. Gainera, askok ez dute burofaxa ireki ere egiten, beldurra dela-eta». Horrek, denbora galtzea eragin dezake. Prozesuak berak gastuak gehitzen dizkio dagoeneko hipoteka ordaindu ezinean dabilenari. Izan ere, abokatua eta prokuradorea kontratatu behar izaten dira. «Kalera­tze­ak STOP Desahucios kolektiboak laguntza ematen du 10 eguneko epe horretan eska­tzen dituzten paperak lor­tzeko. Bestalde, SOJ edo orientazio jurdikoa ematen duen zerbitzura bideratzen ditugu. Hauek epaitegi guztietan dau­de, eta baldintza ekonomiko batzuk betez ge­ro, eskatu daiteke laguntza hau. Norma­lean, etxe-kaleratze prozesuan dagoenak baldintza horiek betetzen ditu». Epaileak agindu dezake, dirurik ezean, hipoteka ondasunekin ordaindu beharra. Orduan, enkantean jar­tzen da etxea. Lehe­nengo enkantera inor joaten ez bada, bigarrenean bankuak berak hartu dezake par­te. Nor­malean, etxea bere ba­li­o­a­ren %60 edo %70ean eskuratzen dute, eta beraz, oraindik zorra kitatu gabe geratu daiteke. Kasu horretan, no­mina bahitu de­za­ke bankuak. «Ondorioz, fami­lia asko beltzean lan egiten hasten dira». Etxe-kaleratze horrek gainera, kaltetuaren ingurukoengan ere eragina izan dezake, abalistengan, adibidez. Bestal­de, «zor-solidarioa» ere badago, hau da, «banandutako bi­ko­teen kasuan, zorra bien arte­an ordaindu behar da. Batek ordaintzen ez badu, besteak egin behar du zor osoaren kargu, eta etxea gal­tzeko arriskuan izango da. Eta askotan haurrak izaten dira tartean (nor­malean, etxean bizi dena, seme-alaben kargu egiten dena baita)».


Gobernuen orain arteko neurriak, «hanka-motz»
Herritarren presioak eta etxe-kaleratzeen inguruan izandako hainbat gertakarik behartu du Gobernua neurri batzuk har­tzera. Baina neurri hauek «hanka-motz» geratzen direla salatu zuen Apilanezek. Neurri horietako bat da martxoaren 9ko 6/2012 dekretua, De Guindos izenarekin ezagunagoa. Honek onartzen du etxea kenduz gero zorra guztiz kitatzea, baina baldin­tza batzuk betez gero. «Bal­dintza horiek ez dira errealitatera egokitu; dekretu horrek 8 kasutan bakarrik balio izan du». Bestetik, Eusko Jaur­la­ri­tzak Bitartekaritza Zerbitzua jarri zuen martxan. «Talde ekonomikoak proposamen onak egiten ditu kasu bakoi­tzean, baina ge­ro, ez ditu bankuak behar­tzen proposamen horiek bete­tzera». Rajoyk berriz, Amaia Ega­ñak bere buruaz beste egin ondoren, azaroaren 15eko dekretua ezarri zuen, baldin­tza zehatz batzuk betetzen dituztenei etxe-kaleratze prozesuan 2 urteko moratoria ezarri ahal izateko. Baina gu­txik betetzen dituzte baldintza horiek, eta 2 urteko moratoriak dakarrena da, interes gehiago pilatzea. Kutxabankek bestalde, ka­le­ratzeen aurkako funtsa edo fondoa sortu du bezeroentzako, institutzio publikoek kudeatzen dituzten etxebizitzen kasuetarako. «Baina, ar­dura instituzioen esku uzten du». Azkenik, «herritarrek egindako presioari esker, udal ba­tzuk hasi dira mozio eta protokoloak martxan jartzen, jendea kaleratzen duten bankuekin neurriak hartzeko. Arazoa da, udalek ere zorrak dituztela».


Inguruko herrialdeetan, zer?
Beste herrialde batzuetan egiten dena ere kontuan hartzekoa da. Alemanian, etxea gal­tzen duen familiari harrera etxera joateko aukera ematen zaio; Frantzian, epaileak zorra barkatu ere egin dezake; Ita­lian, 6-12 hilabetetako epea ema­ten da etxea uzteko; Por­tugalen, mailegua luzatu daiteke, edo bestela, etxea zorraren ordainetan eman; Estatu Batu­etan ere, etxea onartzen da zorra kitatzeko.


HEL eta beste ekimenak
«Gizartearen kontzientziazi­oa gero eta haundiagoa» dela ziurtatu zuen Api­la­nezek. Ho­rren adibide da HEL, legea aldatzeko herri ekimena: 1.400.000 pertsona bai­no gehi­a­gok sinatu du, eta «gi­­zar­tearen %90aren ba­besa du». As­te honetan bertan Kon­­gre­suan aurkeztu, eta tramitera onartu dute. Era berean, «epaile batzuk sentsibilizazio haundiagoa agertzen dute gaiarekiko, eta legean zirrikituak bilatzen dituzte kaleratzeak sahiesteko. Poliziak ere badira, sindikatuen babesarekin, etxe-kaleratzeetan parte hartzeari uko egin dietenak». Bestalde, Apilanezek azaldu zuen «HELek ez badu balio legalki gauzak aldatzeko, agian de­sobedientzia zi­bi­­lerako pausua eman beharko da». Adi­bidez, «escrache, hau da, legea alda­tzearen kontra dauden diputatuak publikoki jarraitu eta seinalatu; Sevi­llako corralen eredua martxan jarri, edo Kutxa­banki desadostasuna adierazi».


NOIZ ESKATU LAGUNTZA?
Hipoteka ordaintzeko arazoak izan ditzakezula susmoa izan bezain laster. Harremanetarako:
- 669 428 598 
- stopdesahucios@plazan.net
- Asteazkenero, 18:00etatik aurrera, Donos­tiako GazteInfo bulegoetan.
- http://stopdesahucios.plazan.net 


NOLA LAGUNDU DEZAKET?
- Zure banketxearekin hitz egin eta kaleratze politikoekin ez zaudela ados azaldu, edo kontu korrontea itxi.
- Etikoagoa den banketxe batera jo (Fiare, Triodos Bank).
- Kaleratzeen aurkako kolektiboen ekimenetan parte hartu.
- Informazioa zabaldu.


ZER DA HEL (Herri Ekimen Legegilea)?

Etxe-kaleratzeen legea aldatzeko ekimen bat da. 1.400.000 sinadura baino gehiago bildu dira, eta aste honetan bertan, Kongresuak tramitera onartu du legea aldatzeko proposamen hau. Hiru eskakizun egiten dira:
- Etxe-kaleratzeak gerarazi.
- Etxean bertan geratu alkiler soziala ordainduz (zure irabazien %30 baino gutxiago ordainduz).
- Etxebizitza kenduz gero, zorra kitatzeko balio dezala.


BESTELAKO ESKAKIZUNAK


Etxebizitza eskubidea bermatuko duten politikak bultzatzea:
- Kaleratzeetatik datozen etxebizitzak merkaturatu. (Etxe­bizitza hutsekin amaitu, alkiler sozialak bultzatuz).
- Alokairu etxebizitzen parke bat eraiki.
- Etxebizitza kolektiboak sortzea (Sevillako corralen eredua): etxe hutsa okupatu eta jabeekin negoziatu (alkliler sozialaren parekoa dena ordaintzea izan daiteke akordioa).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!