Uraren lau adar nagusiak, elkarrekin lotzen

Kronika - Erredakzioa 2013ko ots. 17a, 01:00

Añarbek lau adar ditu, eta adar bakoitzak zonalde bati ura ematen dio. Orain adar horiek elkarrekin konektatzen ari dira. Adibidez, Galarretan.

Galarretan obra berri bat egiten ari da Añarbeko Urak enpresa, hain juxtu, Hernaniko ur adarra eta Donostiakoa elkartzeko. Hori egin eta gero, Donostian matxura bat dagoenean ura Hernanitik hartzeko aukera izango litzateke, gaur egun egin ezin dena. Modu honetako bi obra egiten ari da Añarbe, bat Hernanin eta bestea Errenterian. Bi obrak bu­ka­tzean, Añarbeko lau adar na­gusiak elkartuta geratuko dira.


Lau adar nagusi, hamar herriri ura emateko
Petritegiko plantatik lau tubo haundi ateratzen dira, Añar­beko Mankomunitatea osatzen duten hamar herritara. Lau tubo horietako bakoitza zati­tzen-zatitzen joaten da, eta adar itxura hartzen du. Hargatik esaten da, Añarbeko ur sarea zuhaitz bat bezalakoa dela, lau adar haundi dituena. Lehenengo adarra (I), Ibae­taraino iristen da eta ura ematen die Donostiako erdialde guztiari eta hainbat auzori: Martutene, Loiola, Miramon, Aiete, Amara, Ibae­ta, Antiguo... Bigarren adarra (II) Pasaia eta Oiartzun aldera dijoa, eta ura ematen die Donostiako Intxaurrondo, Altza, Bidebie­ta... eta baita Pasaia, Oiartzun, Errenteria edo Lezori ere. Hirugarren adarra (III) Hernanira dator eta Hernaniz gain, Astigarragari ura ematen dio eta baita Urnieta, Usurbil eta Lasarte-Oriari ere. Laugarren adarra (IV) Erren­teria aldera dijoa.


Obrak Galarretan, I eta III adarrak lotzeko
Galarretan egiten ari diren obra eta gero, lotuta geldituko dira I adarra eta III adarra. Hori bukatzen denean, bi adar horiek elkarri ura emateko aukera izango dute, eta beraz, nonbait tuboren bat hondatzen bada, aldameneko saretik ura hartzeko aukera izango da. Horretarako, Estubegi baserria baino beherago obran ari dira, bonbeatzeko planta bat egiten, eta hori lotuko dute Oriabentako ur biltegiarekin.


Galarretako Parkerako ura
Obra horrek beste helburu bat ere badu. Alegia, Galarretako Parke Teknologikoari ura ematea. Horretarako, tubo bat ez, bi tubo sartzen ari dira Oria­bentatik Galarretako bonbea­tzeko puntura.


Añarbek 1.125.000 euro inbertitu ditu obran honetan
Hernanin bezala, Errenterian ere beste bi adar lotzen ari dira (II eta IV adarrak) helburu berdin berdinarekin. Bi obrak kon­tuan hartuta, 1.125.000 euro gastatuko ditu Añarbek: 842.000 euro Hernanikoa egiten eta 283.000 euro Erren­te­ria­koa egiten. Gauzak behar bezala joanez gero, aurten bukatuko dituzte obrak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!