Petritegi gainean daukazuen plantan egin dugu zita. Zergatik hemen?
Edateko uraren planta nagusia hemen dagoelako. Añarbetik hona iristen da ura, eta hemendik zabaltzen da Mankomunitateko 10 herrietara. Ura tratatu eta edateko moduan hemen jartzen da. Beste era batera esateko, hau da fabrika: Añarben dago materia prima, Petritegin fabrika, eta herri bakoitzak dauzka bere biltegiak (Hernanin Zikuñaga gainean dago, Orkolaga izeneko biltegi nagusia. Handik zabaltzen da herri guztira). Ideia bat egin dezagun, guk al por mayor ematen diegu ura hamar bezero nagusiri, eta haiek zabaltzen dute etxeetara.
Hamar bezero horiek dira hamar herri ezta?
Añarbeko Mankomunitatea osatzen duten hamar herriak, alegia, Añarbeko Urak enpresako nagusiak: Hernani, Astigarraga, Donostia, Urnieta, Lasarte-Oria, Usurbil, Pasaia, Lezo, Errenteria eta Oiartzun.
Eta Añarbetik hona nola iristen da ura?
Kanal Bajua deitzen diogun tuboaren bitartez. Tubo hori 1950 hamarkadan egin zuten, pertsona bat zutik sartzeko bezain haundia da, eta 12 km ditu. Añarbeko urtegia 100 metroko alturan dago, eta Petritegiko planta 90 metrora. Handik honaino grabedadeak ekartzen du ura, ez dago beste sistemarik, bonbarik eta ezer.
12 km-ko bidean 10 metro bakarrik jaisten ditu?
Hain juxtu.
Zuek erabiltzen dituzue,
‘ur gordina’ eta ‘ur edangarria’. Hau da, Añarbetik hona ‘ur gordina’ iristen da, eta hemen ‘potabilizatu’ egiten duzue, edangarri bihurtu. Zer egiten diozue?
Hiru fase bereizi daitezke. Ura garbitu, mineralizatu, eta kloratu. Alegia, ur horrek lokatza dakarki eta metalak dakarzki. Gure kasuan, burnia eta manganesoa dauka urak eta horiek kendu egin behar zaizkio. Hori da garbitzea. Horrez gain, ura mineralizatu egiten da, ur bigunak direlako, eta horregatik karbonatoak eransten zaizkio. Eta azkenik kloratu egiten da.
Ur bigunak dira gureak. Zer dira ur bigunak eta zergatik mineralizatu behar dira?
Ura orekatu egin behar da, nolabait esateko. Adibidez, ur gogorrek kare asko daukate, mineral asko daukate. Mediterraneoan gertatzen da hori, edo Nafarroan Aralar mendiaren inguruan. Kare askoko urak dituzte han, eta karea kendu egin behar izaten zaie. Gure kasua justu kontrakoa da. Granito lurra denez, urak ez du ia mineralik hartzen lurretik, eta mineral faltan dator, nolabait esateko. Ur horren joera da, mineralak ingurutik hartzea, eta horrek arazoak sortu ditzake, tuboetan eta abar... Ur bigunak esaten zaie, eta horregatik, orekatu egin behar da ur hori.
Bigunak edo gogorrak alde batera utzita, kalitate oneko ura al daukagu?
Oso onekoa. Zorte haundia daukagu Añarbe bezelako leku batetik ura hartzen dugulako. Leku isolatuan dago, industria eta hiriguneetatik urruti, ganadutegirik ez dago aldamenean... Horrek gauzak asko errazten ditu, eta prozesua askoz sinpleagoa da. Pentsa, Parisen Sena ibaitik hartzen dute ura, eta hori edateko moduan jartzeko, sekulako prozesua pasa behar du.
Batzuetan izaten da
sentsazioa, iturria ireki eta usai txarra-edo... zenbaiti entzuten zaio: «kloro gehiegi bota ziotek!»
Horiek sentsazioak dira. Garai batean akaso gertatuko zen hori, eskuz kloratzen zenean... baina gaur egun dena oso kontrolatua dago. Kloratu egin beharra dago, eta egiten da, baina kontrola erabatekoa da.
Askok edaten dute botilako ura ere. Zer esango zenieke?
Bailara honetan, botilako ura edateak ez du inolako zentzurik. Ez kalitatearen aldetik, eta ez ekonomikoki, ekologikoki... Kasuren batean, gaitz bat tarteko delako-edo... posible da ur jakin bat edan behar izatea, baina gainerakoan... Ur botila bat kostatzen zaizunagatik etxean 1.000 litro ur dituzu! Eta gainera, hainbeste plastiko gastatu gabe, plastiko hori egiteko erabili diren erregaiak...
Ba al daukazue konparaziorik, zenbatek edaten duen botilakoa edo
iturrikoa?
Bai, zerbait badago, zehatzegia ez bada ere. Datu horren arabera botilak ez dio konpetentziarik egiten iturrikoari. Datu orokor horiek zera diote, adibidez: Espainian urtean, botilan 150 litro ur edaten dira pertsonako. Añarbeko datuek diotenez, aldiz, egunean 150 litro iturriko ur erabiltzen ditu pertsona bakoitzak.
Datuek diote, ur kontsumoa asko jaitsi dela urte gutxian. 1994an 42 miloi m3 kontsumitu genituen, eta 2011n 24,5 miloi...
Bai. Hori lorpen haundia izan da. Horrek ez du esan nahi ur gutxiago edaten dugunik, baizik eta ur gutxiago galtzen dela bidean. Instalazio guztia berritu egin da, eta fugak asko jaitsi dira. Horrek eragin du jaitsiera, eta ohitura aldaketak ere badaude: elektrodomestikoek ur gutxiago gastatzen dute, eta abar...
Añarbeko urtegiak
37 miloi m3 kabitzen ditu, eta kontsumoa 24,5 miloi bada... urtebeteko ura seguru daukagu.
Urtebete eta gehiagorako. Pentsa, hori litzateke euririk egingo ez balu urte guztian.
Noiz izan da lehorterik haundiena?
Añarbe martxan dago 1977 urtetik. Txarrenak 89-90 urteak izan ziren. Ur murrizketak izan ziren urte haietan. Bestela, batez beste %77an egoten da Añarbe.
Beraz, sare guztia berritua daukagu. Zein dira hurrengo erronkak?
Kanal Bajua berritu nahi dugu. Kanal Bajua da Añarbetik Petritegira datorren hori, eta hori ezin da inola ere moztuta eduki. Horregatik, oso konplikatua da hori berritzen hastea.
Eta zer egin liteke kanal hori berritzeko?
Dagoeneko eskuartean daukagu proiektua. Tubo berri bat sartuko dugu Epeletik (Intsusadi aldetik) Petritegiraino. Beraz, Kanal Bajua itxi eta berritu behar denean, urak Urumeara botako dira, Epelen hartu, eta Petritegira eraman. Lastaolako zentral zaharra erosia du Añarbek, eta han bonbeoko lekua jarriko dugu.
Proiektu hori garestia da, 19,8 miloi eurokoa. Hala ere, hori Ingurugiro Ministerioak finantzatuko du, Estatuko interes orokorreko obra gisa izendatu baitute.
DATU BATZUK:
Hamar herri. Añarbeko Urak Mankomunitate publiko bat da, hamar herrirena: Hernani, Astigarraga, Urnieta, Usurbil, Lasarte-Oria, Donostia, Errenteria, Pasaia, Lezo eta Oiartzun.
Bi helburu. Añarbeko Urak-en lana da hamar herri horiei ur edangarria ematea, eta ur zikinak garbitu eta itsasora botatzea.
65.000 metro tubo. Añarbeko ur garbiaren sare osoak 65 km ditu, Kanal Bajua eta lau adarrak kontuan hartuta.
106 langile. Guztira 106 langile ari dira Añarberako lanean. 30 langile Añarbe bertakoak, eta 76 azpi-kontratatutako enpresa batekoak.
1977 urtean jarri zen martxan Añarbeko zerbitzua.
37 miloi m3. Añarbeko urtegiak kabitzen duen ur kopurua. Larrialdi batean, goiko konportak itxita, 42 miloi m3 ere hartu ditzake.
24,5 miloi m3. Urteko ur kontsumoa, 2011 urtean,
10 herriak kontuan hartuta.
269 litro pertsonako. Batez beste, hernaniar batek urtean kontsumitzen duena (2012ko datua). Herri guztia kontuan hartuta, 1,9 miloi m3.
1,3436 euro: Hernaniko Udalak bataz beste kobratuko duena 2013an, m3 bakoitzagatik. 0,5865 euro: Añarbek Hernanirik kobratuko diona 2013an, m3 bakoitzagatik. Kontuan izan behar da, Hernaniko Udalak Orkolagan ura hartu eta herri guztira zabaltzen duela.
%77. Bataz beste, Añarbe kopuru horretan egoten da urte osoan.