Hernaniarrek Landaren, etxean jokatzeko aukera izango dute gaur, azkenean. Horrek indarra emango die trikoloreei, El Salvadorri aurre egiteko. Getxoren aurkako partiduak utzitako arantza ateratzeko gogoz ere badaude etxeko mutilak eta estu hartuko dute valladolideko taldea. Horrez gain, Oier Garmendia itzuli da estatuko selekzioarekin jokatzetik.
Indar eta ilusio hori ondo bideratzen asmatu beharko du Hernanik, ez baitu partidu erraza izango. El Salvador Ohorezko mailako klasikoetako bat da eta zazpi liga eskuratu ditu. Denboraldi honetan, sendo dabil bosgarren postuan. Jokatutako azkeneko hiru partiduak irabazi ditu, aurkari gogorren aurka, gainera: Santboiana eta VRAC, iazko txapelduna.
Hainbat jokalari arriskutsu ere baditu: Carter, Marron, Sempere, Ibarra, Mamea eta Serrano, esaterako.
Hernaniarrek zaletuen epeltasuna eta bultzada behar izango dituzte gaurkoan. Hitzordua, 16:30etatik aurrera, Landaren.
Denda berria martxan,
gaurtik
Hernani CRE-ko denda berria martxan da, Landaren. Etxean jokatuko diren partidu guztietan egongo da zabalik eta ostiraletan 18:00etatik 20:00etara.
Neskak Gaztediren aurka
Nesken taldeak Gaztediren aurka jokatuko du gaur 13:00etan, Aieten.