Donostian jaiotakoa da Jose Uzkudun Illarramendi, Igarako baserri batean, 1949an. Handik Hernanira mugitu zen familia osoa, Uzkudunek 13 urte zituela.
Familia sinesdunekoa izanik, Floridako zentro parrokialera joaten hasi zen, eta hara, non piztu zitzaion kontzientzia soziala. Handik aurrera, CCOO sindikatuarekin eta ETAko langile frontearekin jarri zen harremanetan. Frankoren garaiko errepresioa eta klandestinitatean ibili beharra ezagutu zituen, eta azken urteak pasa ditu, lan-baldintzen eraginez gaixotutako langileak babesten.
Baserritik industria mundura egin zenuen salto, gazte-gaztetan.
Hernanira 13 urte nituenean etorri ginen, Florida auzora. Ordura arte baserrian bizi izan ginen, maizter. Etxean 7 anai-arreba ginen eta lagundu beharra zegoen. Horregatik, udan lanean aritzen nintzen; baserri batean morroi lehenengo, baina gero, Remyn, Floridako Olaran zerrategian, Urnietan mandrinadore... Hala ere, EPOn ikasten jarraitzen nuen.
Horrela hasi zinen langile mugimenduetan parte hartzen?
Horrela, eta elizaren bidez! Familia elizkoiekoa naiz. Donostian fraileekin ikasi nuen, Maristetan. Hernanin berriz, EPOn, baina Floridako zentro parrokialeko gazte taldearekin biltzen nintzen. Garai hartan normala zen elizaren babesean gazte mugimendua sortzea. Aldaketen aldeko mugimendua zegoen, nere ustez, nahiko aurrerakoia, eta bertan hasi nintzen kontzientzia soziala hartzen.
Gero, nere kabuz, Hernaniko liburutegira joan eta marxismoaren inguruko liburuak irakurtzen nituen. Izugarrizko kontraesanak sortu zitzaizkidan; sinistu, ez sinistu...
Bide horretatik, 1969an berehala jarri nintzen harremanetan ETAko langile frontearekin, eta orduan Gureola Scott papeleran lanean ari nintzenez, langileen taldetxo bat ere sortu genuen. Dagoeneko Comisionesen mugitzen nintzen. Ez ginen ume mukizu batzuk besterik. Baina guri tokatu zitzaigun; ez genuen inor izan aurretik, erakusteko.
Aldi berean, mendi taldea sortu genuen Floridako zentro parrokialean, irteerak egiteko, eta pixka bat hitz egiteko...
Herrian ‘obrero kristau hori’ esaten omen zizuten.
Kristaua nintzenez, ez zidaten beste inolako etiketarik jartzen! Soldaduskatik itzultzean eta andregaiarekin hastean ordea, orduan bai, beste gauza batzuk entzuten hasi behar izan nuen...
Nola bizitu zenuen 70eko hamarkada hura? Grebak, Burgosko prozesua, sindikatu barruko tentsioak, alde egin beharra...
Burgoskoa niretzako izugarria izan zen. Fabrika gelditzea lortzea salto haundia izan zen. Eta orduan entzun nuen ETA zatitzen ari zela, V eta VI asanbleatan, eta nik azken horrekin egin nuen bat, trotskismoarekin engantxatu nintzen-eta. Estatu mailan berriz, LCR-rekin (Liga Comunista Revolucionaria).
Era berean, Comisionesen jarraitzen nuen. Ez zegoen langile mugimendu haundirik orduan Hernanin. Baina hara non enteratzen naizen, Euskadiko Koordinadora sortzeko bilera egin zela eta Hernaniko ordezkariak izan zirela! Haserretu egin nintzen. Gauza bat zen klandestinitatean ibili beharra, eta bestea, gure artean ez ezagutzea! Aldi berean, 72-73 inguruan zatiketa gertatu zen. Batetik CONE (Comision Obrera Nacional de Euskadi) sortu zen, PCEk (Partido Comunista de España) kontrolatua, eta bestetik, CONE (Coordinadora de Euskadi de Comisiones Obreras). Guardia Zibila atzetik nuen ordea, eta alde egin behar izan nuen, andregaiarekin, Gasteizera. Orain Iparraldera egiten da.
Han bi urte eta erdi inguru egin genituen, andregaiak ahal zuenean lanean, eta bestalde, Erakundean laguntzarekin. Puig Antichen aldeko kanpaina ezagutu genuen, eta 1976ko martxoaren 3ko grebaren alde aritu ginen...
Orduan itzuli zinen Hernanira. Zein zen panorama?
Egoera tristea zen. Hasieran ez ninduten hartu nahi, baina azkenean, Orbegozon lan egitea lortu nuen.
Gainontzean, kalera ateratzeak beldurra ematen zuen. Oihu egiten zidaten: `abertzaleak kartzelan eta españolistak kalean!´. Eta hori, sekula ezer egin gabekoek, muturjoka ibiltzen zirenek! Hala esaten zidaten: `politika egin nahi izanez gero, alde hemendik!´. Egoskorra naiz ordea, eta ez zuten lortu!
Zergatik Comisiones?
1968an, sindikatuarekin harremanetan hasi nintzenean, ez zegoen besterik. Eta askok ahaztu nahi badute ere, Comisionesen sorreran Txabi Etxebarrieta aritu zen, PCEko jendearekin. ETAko langile fronteak lan haundia egin zuen hor.
Kontraesanak ere bizi izan ditut CCOOn: alde batetik, ez dugu jakin arazo nazionala nola onartu, eta PCEkoekin borrokan aritu gara; baina bestetik, oso talde anitza da, ikuspuntu desberdineko jendea dago. Nere ideologia eta jokabidea zehazteko argi ikusi nuen zein zen bidea, ETAren VI asanblean eztabaidatu zenean Tesis de Frente Unico deitutakoari buruz. Langileen batasuna bultzatu beharraz ari zen. Eta horixe da. Langileen zatiketa gure porrota da. Txarra iruditzen zait ideologia politikoagatik langile mugimendua zatitzea. Eta gaur egungo arazo larria da hori, hain zuzen; frentismo sindikala. Horren kontra egitea da orain, nere ilusioa.
Ez al zara ba, erretiratu?
Ardurak utzi ditut, baina lana, guztiz, sekula ez. Gozatu egiten dut, lorpen bakoitzarekin.
Frentsimo sindikal hori kaltegarria da, ez bakarrik langile mugimendurako eta erreibindikazioetarako bakarrik. Baita ere, arazo nazionala konpontzeko, euskera lan munduan sartzeko... Elkartasunik gabe, jai dugu.
Gelditzen da hortatik ezer?
Balore kolektiboak, elkartasun beharra, pixka bat desagertuta daude. Sindikalismoak ere egin ditu akatsak; erreibindikazio ekonomikoetara bakarrik mugatzea, adibidez, lan-munduaren ikuspegia aldatu gabe. Baina sindikalismorik gabe, egoera oso basatia izango litzateke. Esaten da egungo gazteek ez dutela borrokatzen, bereari bakarrik begiratzen diotela. Baina borrokarako gizartearen babesa behar dute.
Orbegozon ondo ikasi nuen hori. 1979an 1.500 langile inguru izango ginen, eta urtero hiltzen zen bat, istripuz. Ezinduak berriz... Segurtasun komiteak sortu genituen orduan, eta kolpetik bukatu ziren heriotzak. Jendeak, inplikatzen denean, jakinduria haundia duela erakusten du. Enpresak gero, lehiaketa modukoak egiten zituen, lan-baldintzak hobetzeko langileen ideiak hartuz. Batzuetan ordea, bereganatu egiten zuen ideia, eta jendea erre egiten zen. Idazkari nintzen ni komite haietan, eta asko ikasi nuen. Hemen ikusi nuen aukera nere baratza jorratzeko. Izan ere, sindikatu barruan PCEk zuen kontrola zela-eta, ez nengoen gustora. 83an, Orbegozo itxita, langabezian gelditu nintzen. Prebentzio ikastaroak egin nituen orduan, eta CCOO Euskadiko Lan Osasun eta Ingurumeneko idazkari lanetan hasi nintzen.
Lan-baldintzak hobetzea da, hortaz, klabea?
Ezkertiarrok lantzen dugu gizartearen aldaketa, baina gutxi egin dugu demokrazia lan-mundura eramateko, eta hori egin ezean, ez dugu gizartea aldatuko. Langilea 8 ordu edo gehiagotan robot baten gisan lanera behartuz gero, zaila da sentsibilizatzea gero, ingurunearekin, euskerarekin... Eta horrek ez du posible egiten amestu dugun sozialismoa eta gizarte aldaketa.
Aldaketa horretarako lanean ari zara oraindik, eta sariren bat ere jaso duzu, lanaren eraginez sortuta gaixotasunak azaleratzeagatik. Gauzak hobetzen ari dira?
Lan-istripuz baino 10 aldiz langile gehiago hiltzen da lanak sortutako minbiziaren erruz. Atofinan 27 hildako izan ziren, baina gogorra izan zen hura. Langile baten kasua onartzea lortu genuen, baina ikusi genuen indarrak batu beharra zegoela. Enpresako komitea ere aurka genuen!
Orain berriz, amiantoaren kasuan dezente lortu da. Gaixoak errekonozitzen dira, borrokak indarra dauka... Pertsonalki ere batuko naiz laster borroka horretara, amiantoa jandakoa naiz eta!
Bestalde, silikosiaren kasuak azaleratzen ari gara orain. Silestonea fabrikatzen dutenek hauts asko dute biriketan, garai batean meatzariek izaten zutena baino gehiago, eta 30 urtetik beherako gazteak dira asko. Elkartasuna behar da.
Elkartzeko, politika baztertu behar da?
Langileriak eta sindikatuek politika behar dute, baina ez alderdiena!
Ezkertiar eta abertzaleen frente zabalagoa behar da, EH Bildu baino zabalagoa. Borrokan prest bagaude, ahalik eta borondate gehien bildu behar da. Herritik kanpo joaten naiz, adibidez, presoen aldeko manifetara, baina Hernanin ezin dut! Orroka bidaltzen naute!
Erabakitzeko eskubidea lortu ezean, ezkerreko aldarrikapenak bigarren mailan geratuko dira. Baina herri txikia gara, eta gurea defenditu arren, lagunak behar ditugu.
Laburbilduz
- 1949ko maiatzaren 26an jaio zen, Donostiako Igarako baserri batean, Jesus Uzkudun Illarramendi.
- 13 urterekin Hernanira, Florida auzora, mugitu zen familia osoa (gurasoak eta 7 anai-arrebak).
- 1968an hasi zen CCOO sindikatu oraindik klandestinoarekin harremanetan. Aldi berean, Floridako parrokiako gazte taldean mugitzen zen eta mendi-taldea sortu zuten.
- 1969an ETAko langile frontearekin jarri zen harremanetan.
- 1972-73an sindikatu barruko zatiketak bizi izan zituen, eta aldi berean, Guardia Zibila atzetik zuela eta, Gasteizera alde egin behar izan zuen. Han bizi izan zituen grebak eta 1976ko martxoaren 3ko greban poliziak tiroz 5 langile hil zituenekoa.
- 1976an Hernanira itzuli zen, eta kostata, baina Orbegozon lan egiten hastea lortu zuen.
- 1979an segurtasun komitea sortu zuten Orbegozon.
- 1983an langabezian geratu zen Orbegozo ixtean, eta ikastaro batzuk egin ostean, buru-belarri hasi zen CCOOko Lan Osasuna eta Ingurumeneko idazkari lanean. 1996an hasi zen bertan soldatapean lan egiten.
- 2005ean Europako komisioaren saria jaso zuen, lanean sortutako gorreria zuten 6.000 pertsona baino gehiagoren kasua salatu eta hauentzat kalte-ordainak lortzeagatik.