Rock in Tilos, rock and roll eta punk taldeen musika jaialdia izango da gaur gauean Tilosetan, Hernaniko Kontrakantxa gaztetxeko musika taldeak antolatuta.
Hiru talde eta dj bat ariko dira musika jartzen, guztiak, hernaniarrak. Dj Mister Zeus hasiko da giroa pizten, iluntzeko 20:00etan. Gaueko 22:00etatik aurrera berriz, The Zepo hasiko da gitarretako sokak dantzarazten; Oi dek Oi! taldeak jarraituko dio atzetik; eta BeHatxeRojak emango dio bukaera festari. Musikarik ez da faltako beraz, gaurkoan, berandura arte, eta barra bat ere jarriko da edariekin.
‘The Zepo’, beteranoena
Gaurko taldeen artean, The Zepo izango da beteranoena. 2001ean sortu zen talde hau, eta aldaketa batzuk izan badira ere, gaur egun, ondorengoek osatzen dute: Luis (bateria), Beñat (gitarra), Joseba Txentxo (gitarra), eta Iñaki Burrul (bajua eta ahotsa).
Urte batzuk badaramazkite martxan, beraz, eta ibilbide horretan 3 disko ere grabatu dituzte: The Zepo (Demo) 2005ean, Que suene el Rock ‘n’ Roll 2007an eta Ya llegó 2009an. Sariren bat edo beste ere irabazi dute. Besteak beste, Sanesrock 2009ko Asekas maketa lehiaketa, eta lehengo urtean, Los Viernes de Hervias-eko (Errioxa) musika lehiaketako saria.
‘Oi dek Oi!’ indarra, gazte hauena
Gaur talde gazteena berriz, Oi dek Oi! izango da. Lau hernaniark osatzen dute: Pello Perez (gitarra), Belda (bateria), Haritz (gitarra), eta Axier Mendizabal (bajua).
17-18 urte bitarteko gazte hauek kaleratua dute maketa bat, eta indarrez eta ilusioz ari dira, pixkanaka, kontzertuak ematen.
BeHatxeRoja berriz, jendetsuena
Zazpi kidek osatzen dute BeHatxeRoja taldea: Enaitz (gitarra), Sala (bateria), Olabi (gitarra), Gartza (ahotsa eta bajua), Beñat (saxoa), Unai (armonika) eta Aitor (tronpeta).
Rock klasikoagoa egiten dute hauek, freskoa eta dibertigarria. Aurremaketa bat ere grabatua dute. Bestalde, lehengo urtean, Donostiako Piraten V. Musika Lehiaketan finalerdietara iritsi ziren.