Usokoerreka bailaran zehar ibilaldia antolatu du Mendiriz Mendik biharko, ‘Hernani ezagutuz’ ekimenaren barruan. Goizeko 08:30etan abiatuko dira Atsegindegitik. Parte hartzeko izena eman behar zen.
Guztira, 12 km ditu ibilbideak; lau orduren buruan egingo dute buelta, eta ez du aparteko zailtasunik.
Hernaniko historiak
utzitako aztarnak
Usokoerreka Hernani, Donostia eta Errenteriako lurretan dago, eta ibilbideak erreka horren arro hidrografikoa inguratzen du. Latxe auzoan hasi eta bukatuko da itzulia.
Bailaran sartu eta bertan, errekaren ondoan, Txirrita bertsolariaren jaiolekua izan zen baserria dago. Bestalde, garai bateko ola zaharraren arrastoak ere ikusi daitezke; tximinia bereziki, oraindik tente baitago. Alkohola, brea, ozpina eta egur ikatza ekoizten ziren bertan, eta errotak mugitzen zuen urari esker lortzen zuen olak funtzionatzeko indarra. Oraindik ikusi daiteke ura bertara eramaten zuen kanala.
Bista paregabeak
Ibilbidean zehar Aginagamendi, Urdaburu eta Igorin mendietara igo daiteke, eta horietatik primeran ikusten dira Hernaniko kaskoa, Ereñotzu auzoa eta Usokoerrekako bailara. Pagadiak eta estazio megalitikoak ere zeharkatuko dira.