«Soluzioa da gutxiago kontsumitzea, eta hondakinak gureak direla konturatzea»

Kronika - Erredakzioa 2013ko ots. 14a, 01:00

Iñaki Petxarroman kazetariak hitzaldia emango du gaur, argitaratu berri duen ‘Su haietatik ke hauek’ liburua oinarri hartuta, 19:30etan, Biterin. Gipuzkoako Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorrak 10 urtetan ekarri duena bildu du. Petxarroman, Hernanin bizi da, Berriako kazetaria da eta gaia gertutik jarraitzeko aukera izan du.

Iñaki Petxarroman kazetariak hitzaldia emango du gaur, argitaratu berri duen ‘Su haietatik ke hauek’ liburua oinarri hartuta, 19:30etan, Biterin. Gipuzkoako Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorrak 10 urtetan ekarri duena bildu du. Petxarroman, Hernanin bizi da, Berriako kazetaria da eta gaia gertutik jarraitzeko aukera izan du.

Hondakinen Planaren 10garren urteurrena aprobetxatu duzu liburua argitaratzeko. Ze asmorekin argitaratu duzu liburua?

Hondakinen Planaren planteamendu nagusia da errauste planta eraikitzea. Horrek ekarri du borroka bat, gizarte mugimendu bat, prozesu berri baten hastapena. Eta egoera politiko nahasi honetan eta herrietan eztabaida nagusi den honetan, egokia iruditu zitzaidan hemerotekara jo, gai honen inguruko albisteak bildu, antolatu, iruzkinak sartu eta liburua osatzea. Saiakera bat ere bada eta informazioa biltzeaz gain, nere ikuspegia gehitu diot.

Gaia gertutik jarraitu eta ondo sakontzeko aukera izan dut. Eta eskaini nahi izan ditut herritarrentzat hain ezagunak ez diren ertz ba­tzuk. Eztabaida desitxura­tzen ari dira; eztabaida ez da hondakinak nola bildu. Arazo nagusia da, errauste planta bat inposatu nahi digutela.

Hondakinen kudeaketak saltsa haundia sortu du azken urteetan, baina orain dela 10 urtetatik datorren gaia da.

Hori ere erakutsi nahi izan dut. Egia da gaia azken hilabeteetan atera dela plaza publikora, baina eztabaida aurretik dator eta hor argi geratu dena da, inork ez duela nahi erraustegia bere herrian. Eta zuk nahi ez duzuna, nola nahi duzu beste baten herrian jarri?

Erraustegiaren atzean, interesak daudela esan izan duzu, ze interes eta zeinenak?

Interes ekonomikoak daude ba­tetik, eta bestetik, ideologikoak. Interes ekonomikoen atze­an, lobby indartsuak daude: hondakinak kudeatzen dituzten enpresa haundiak eta haiekin harreman estuak dituzten alderdi politikoak.

Ideologikoaren atzean, gaur egungo gizarteari eutsi nahi diotenak daude. Hau da, sistema kontsumista honi eutsi nahi diotenak. Horren kontrako eredua da, gutxitu, berrerabili eta birziklatu. Hau da, gutxiago kontsumitzea eta hondakinak gureak direla konturatzea.

Zuk askotan aipatua da, hondakinak birziklatzea ez dela hautazkoa edo eskubide bat, betebeharra baizik. Gizarteak hori barneratua al dauka?

Gizarteak ez dauka barneratua eta ohitura aldaketa behar da. Bi kontu daude hemen: ba­tzuen erosokeria eta errauste planta nahi dutenen arduragabekeria. Ezin da izan borondatezkoa natura kutsatzea.

Ez da onargarria, aurrez aipatutako interes horiek tarteko, herritarrak pozoitzea eta nahastea, eta gezurra esatea eskubide kontuez ariko bagina bezala.

Polemika ere badago 5garren kontenedorearen eta Atez Atekoaren aldekoen artean. Zein da soluzioa?

Bosgarren kontenedorea 10 ur­te hauetan erabili egin dute, amarrua da. Planak berak, atal­txo batean biltzen du Atez Ate­koa dela sistemarik onena. Hain garbi esan eta gero, tematu dira 5garren kontenedorearen alde egiteko. Hori, badaki­te­­la­ko ez dela eraginkorra. Erraus­te plantak bi osagai behar ditu: zabor nahasi asko, eta dirua.

Atez Atekoa asko pozoitu dute eta bilketa sistema bat besterik ez da. Eta orain arte, eraginkorrena. Eredua ez dakit Atez Atekoak izan behar duen, baina hortik joan beharko du. Eredua da ahalik eta gehien birziklatzea.

Ezaguna da Astigarragan egiten ari diren protesta Atez Atekoaren aurka. Zer iruditzen zaizu?

Protesta modu berekoia da, erosokerian oinarritua eta ibilbide motzekoa. Zer ari dira esaten, natura kutsatzeko eta zabor nahasia botatzeko eskubidea dutela? Edo aldarrika­tzen ari dira birziklatu nahi dutela? Hori horrela bada, soluzioa gehien birziklatzen duen sistema da eta derrigorrezkoa izan behar du. Bo­ron­datezkoa, ez da eraginkorra.

10 urtera ikusi dugu nola gauden, hemendik 10 urtetara nola egongo gara?

Errauste plantarik ez da izango  behintzat. Hori iruditzen zait, alternatiba jarri delako martxan eta posible delako. Gainera, Europatik dator agindua. Errauste plantak ixten ari dira, ez irekitzen. Izan ere, garestiak dira eta arriskutsuak. Errauste planta behin geldituta, ez dago atzera itzultzeko aukerarik, eztabaida gaur egun dagoen puntuan egonda.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!