‘Risoteando’ izeneko hitzaldia emango duzu gaur. Zer landuko duzu bertan?
Barre egiteko daukagun gaitasun mugagabeari buruz hitz egingo dut. Barre egin, egin eta egin, hori da gakoa. 3-4 hilabeterekin ikasten dugu barre egiten eta ez dago poztasun haundiagorik ume bat barrez ikustea baino. Eta saiatzen naiz, helduak, egoera hartara bueltatzen. Heldutasunera iristen garenean, seriotasuna eta ardura dira nagusi eta ez dugu behar beste barre egiten. Kontuan izan behar dugu barre egiteak onura asko eragiten dizkigula osasunean.
Ze onurak?
Adibide argia dugu Norman Cousins Saturday Review al-dizkariko erredaktore nagusiari gertatutakoa. Cousinsek espondilitis anquilosante gaixotasuna zuen eta egun batean, esnatzean, konturatu zen minik ez zuela. Aurreko gauean lagunekin egon zela eta barre ugari egin zuela gogoratu zuen. Handik aurrera barrearen inguruan azterketak egiten hasi zen, Psikoneuroinmunologia garatu zuen. Cousinsek sendatzea lortu zuen.
Kasu horrez gain, barreak pozik egotea eragiten digu eta pozik zaudenean, besteentzako erneago zaude, atseginago eta irekiago. Sormena garatzeko aukera ematen du.
Oso garrantzitsua da barre egitea, baita norbere buruaz ere. Hori bai, goxotasunez eta autoestimuarekin.
Nola landu liteke?
Ikastaroak ematen ditut eta jolasen bidez lantzen dut.
Dena dela, barre egitea innatoa da, berezkoa dugu. Egin behar duguna da, sentitzen utzi. Errealitatearen ikuspegia ere aldatu egin behar dugu, ez diogu dramatik begiratu behar, gogo bizitik, irrikatik baizik. Ikasitakoa ahaztu behar dugu. Ezarri dizkiguten gidoietatik atera behar dugu.
Azken finean, hori da helburua?
Hori da, garenera, gure barrura iristea da helburua. Sartu dizkiguten ideia kaltegarriak baztertu eta gure jatorrira iristea. Barruan daukagun pailazoa atera behar dugu; oso garrantzitsua da.
Gaurko hitzaldian praktikan jarriko al duzu azaldutakoa?
Jolasen bat edo prestatuko dut. Ona da teoriatik atera-tzea eta esperientzian oinarritutako gauzak hobeto barneratzen dira.
Donostian jaioa zara, baina orain dela 40 urte Menorkara joan zinen bizitzera. Bertan, formatu zinen Ber-Pizkundean, Reikian eta Familia Konstelazioetan. Indian, berriz, Advaitan.
Ber-Pizkundearekin hasi nintzen eta eskola bat ere jarri nuen martxan. Baina orain, utzia daukat eta Focusing teknika lantzen dut. Hau da, gure barruari begiratu behar diogu, ezagutu egin behar gara nortzuk garen.
Familia Konstelazioen terapia ere asko lantzen dut. Garrantzitsua da familia eta familiako kideak antolatuta izatea.
Advaitak, berriz, erakusten digu momentuan presente egoten. Eta ez dago dualtasunik. Ez dago ona dena ezta txarra dena. Dagoena da, dena. Hori ikasi behar dugu, errealitatea bizitzen, den bezala.
Nolatan etorri zara Menorkatik Hernanira?
Ikastaroak eta hitzaldiak ematen ibiltzen naiz eta Hernaniko jendea ezagutzen dut. Aurretik ere eman izan ditut hitzaldiak Hernanin eta berriz ere aukera aprobetxatu dut. Hernanin jende zoragarria dago, gaitasun berezia duena halako teknikak barneratzeko.