Promesa azkarrena bera da. Promesa egin, egina zegoen, baina kunplitzea ez da erraza izaten. Hernaniarrak kunplitu du. Urrea, 200 metroan, eta laugarren postua 60 metroan. Maitane Iruretagoyenak irabazi egin zuen atzo Espainiako Txapelketa. Asmo horixe zuen asteburu honetan, eta dudarako tokirik ez du utzi: denbora ere ona, bigarrenak baino 3 dezima azkarragoa: 24.57.
Finalean bigarren, Sonia Molina izan zen, 24.87 denborarekin, eta hirugarren, Clara Llamazares, 25.45 denborarekin.
«Urre honek konfidantza bueltatu dit»
Iruretagoyena gustora zen 200 metroan lortutako urrearekin. Ez da gutxiagorako, hernaniarrak urreaz gain 60 metroan laugarren postua lortu baitu. Asteburu berean 6 karrera korritu ditu, eta atzo adibidez, 200 eta 60 metroko finalak 30 minuturen gorabeheran jokatu zituen. Bere orrialdean halaxe adierazi zuen atzo arratsaldean: «urre honek konfidantza bueltatu dit. Eskerrik asko karreraz karrera hor izan zareten guztioi!».